Jon GARMENDIA
Idazlea

Salatari teknologikoa

Errealitatean pasatzen zaiguna zera da: bizitza birtualean alferrik galtzen dugula bizitza», punpa-lasterrean bota didazu eta ulertzeko zailtasunak izan ditut. Asumitu eta barneratu behar dudan prozesio batekin topo egin dudalako beharbada. Hastapenean, halere, ordenagailu aitzinean usu nagoelako eta sare sozialetan kutturlioen modura nabilelako erran didazula pentsatu dut, zuk baietz, hori ere badela, baina harremanez ari zinela ziurtatu didazu. Galdua nenbilela aitortu dizut, eta ezezagunak ezagun egin eta lagun kuttun bihurtzeko prozesuan, teknologiak kalte egin dizula azaldu didazu. Garaian, herri ttipietan sortu ginenok, ba omen genuen zeri heldu, halakoren seme edo alabarekin maiteminduz gero irudika genezakeelako gure etorkizuna, bagenekiela bihotza taupaka jartzen zigun pertsona nor zen. Eta 40 urte beteta mutxurdin zaudela oraino, zailtasunak dituzula asteburuetan irtenda, interesgarria den norbait ezagutu, hark zu interesgarri atzeman, eta taxuzko zerbait ukaiteko. Eta badakizula zergatik den. A bai? Bai. Google baliatzen duelako zure izen-abizena sartuta Instagram, Facebook edo halakoetan zu espiatu eta zuri buruzko informazioa biltzeko, hango argazki anitzetan manotekin zaudela gainera, atxilotu eta estraditatu zintuzten garaikoak ziurrenik. Tira, nork deituko dizu biharamunean bezperan errandakoa oroitzeko zailtasunekin badago zure argazkiei beha, eta hiltzaile baten bisaia agertzen badio salatari teknologikoak?