Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Trad estiloan espezialista direnen proposamen berri gogorrak

Steve McClurek Nessclifen dagoen helburu zahar bati, «GreatNess» bideari, puntu gorria jarri dio. 48 urteko eskalatzaileak E10 7azailtasuna proposatu du. Bitartean, «Privatvagen» 25 metroko artesiaren (8c+) lehen igoera egin du Tomi Nytorp finlandiarrak.

Trad estiloak, hau da, eskalada tradizionalak, jarraitzaile ugari ditu Ingalaterran zein Finlandian. Lasai asko esan dezakegu DNAn guztiz itsatsita daramatela. Eta hain zuzen ere, bi herrialde horietatik berri bana iritsi zaigu. Goi mailako bi jarduera horien protagonistak aski ezagunak dira: Steve McClure eta Tomi Nytorp.

Lehendabizikoarekin hasiko gara, McClure ingelesarekin, Britainia Handiko bide gogorrenetariko baten lehen igoera sinatu baitu. 48 urteko eskalatzaile zailduak Nessclifen dagoen xede zahar bat, “GreatNess”, biribiltzea erdietsi du. Hain zuzen ere, joan den maiatzaren 27an.

Hedabide britainiar espezializatuek, jakina, izaera honetako berriak gertutik jarraitzen dituzte. Bada, lerrootako protagonistak igo duen “GreatNess” bidearen inguruan honako adjektiboak aipatu dituzte: itzela, latza, zitala...

Hedabide britainiar nagusi asko oso sentsazionalistak dira, baina, kasu honetan, komunikabide espezializatuok hitz egokiak erabili dituzte. McClurek igotako «headwall» horri (horrela deitu dio) E10 7a zailtasuna jarri dio. Zailtasun teknikoari dagokienez, gogorra da: 8c gure eskalan. Baina are gogorragoa da marra horrek duen konpromisoa edo arriskua: E10. Paraboltik edo tresneria finkorik ez dago, eta norberak babestu behar du bere burua. 18 metro luze den bidean jartzen den azken segurua 12 metrora dago, eta balizko eroriko batek emaitza ikaragarri txarrak izan ditzake. Besteak beste, altuera horretara jarritako aseguru guztiak atera eta zoruaren kontra jotzeko arrisku bizia dago. Beraz, 8c oso psikologiko bati buruz ari gara. Gai horren inguruan, McClurek berak honakoa adierazi du: «Asko eskatzen duen jarduera da: jakin behar duzu noiz saiatu, arriskua eta arrakasta ondo aztertu behar dituzu, bidean zehar jarritako aseguruei otoi egiten diezu... Hitz batean, honako galdera egin beharra dago: hiltzeko %50eko aukera dagoela kontuan izanik, nor demontre sartzen da horrelako bide batean?».

Aurreratu dugu “GreatNess”-ek 18 metroko garaiera duela eta azken asegurua 12 metrora jartzen dela. Hain zuzen ere, leku horretan artesi horizontal bat dago, eta bidea bi zatitan banatzen du. Oso teknikoa da, eta oinentzat zein hatzentzat helduleku txiki eta txarrak ditu.

Gure ingurumariko eskalatzaileentzat marra hori batere erakargarria ez bada ere, esan behar dugu lehen lerroko hainbat espezialista britainiar helburu horren atzetik aritu direla: James Pearson, Dave Birkett eta James McHaffie. Baina McClure izan da puntu gorria jartzeko aukera izan duena: «Duela zortzi urte Nessclife murruari lehen bisita egin nion. Eta erabat harrapatu ninduen! Marra oso onak ditu, interesgarriak eta teknikoak. Urte eta erdi igaro da Nick Dixonek Nesscliffeko xedeari buruz hitz egin zidanetik. Hark esan zidan nire ezaugarrietarako proiektu bikaina zela. Probatu ondoren, erabat harrapatuta geratu nintzen. Soka gainetik nuela, 30 saio egin ditut. Headwall-a lau aldiz gainditu ondoren, argi neukan helburu hori ixteko aukera handiak izango nituela. McHaffie gogor saiatu zen, eta bide horren interesa piztu zuena izan zen. Eroriko handi bat izan zuen [bideo batean grabatua dago], eta horri esker egin zen ‘GreatNess’ ezagun».

Behin betiko saioak egin aurretik, protagonistak adierazi du helburua ez zuela oso argi ikusten: «Maiatzean joan nintzen berriro, eta baldintzekin arazoak izan nituen; izan ere, haizea eta hotza behar nituen. Lehendabiziko 6 metroetan makina bat mugimendu egin behar dituzu. Bidearen giltza zaila da, eta azken helduleku handia hartzeko asko estutu behar da. Helduleku hori handia da, baina ez da batere ona. Atseden leku horretatik aurrera beste 21 mugimendu dituzu».

Balizko eroriko txar baten mamuari dagokionez, McClurek dio bere burua asko landu behar izan duela: «Buruan sartu nuen ez zela hain arriskutsua. Baina min hartzeko aukera handiak zeuden; trad estiloak hori du».

Bestalde, eskalatzaileak aurreratu du igoera ia perfektua izan zela: «Mugimenduren batean nahastu egin nintzen, eta, hortaz, berriro jaitsi eta konpondu egin nuen. Azken mugimendu gogorrean ere nahastu egin nintzen. Nire eskuin oina irristatu egin zen, eta akats hori konpondu beharra izan nuen. Une jakin batean beldur izan nintzen; izan ere, azken sekzio gogorrean dena eman beharra nuen».

Era horretan, McClurek “GreatNess” bidearen lehen igoera egin zuen. Protagonistak azpimarratu du egindakoak erabat bete duela: «Kirol eskaladan oso ezaguna naiz. Bederatzigarren graduko makina bat bide ditut, horietako bat 9b zailtasunekoa: ‘Rainman’. Baina gogoratu nahi dut nire hastapenak trad estiloan egin nituela. Gertatzen dena da ez nagoela benetako arriskuarekin motibatuta. Nahiago ditut bide gogor baina ez oso arriskutsuak: ‘Big Issue’, ‘Rhapsody’, ‘Requiem’... Ez dut uste ‘GreatNess’ denik trad estiloan egin dudan biderik zailena».

Artesia

Ingalaterratik Finlandiara egingo dugu salto, Tomi Nytorp “Privatvagen” marraren korapilo guztiak askatzen lehena izan baita. Raaseporissan dagoen marrari 8c+ zailtasuna jarri dio, eta duela hogei urte hasitako egitasmo bat da. McClureren bidearekin alderatuta, esan behar dugu Nytorpena ezberdina dela. Hots, plaka bat eskalatu ordez, artesi bat gainditu behar da. Eskalada tradizionala da, baina seguru finkoren bat badu; “GreatNess”-ekin alderatuta, beraz, ez da oso arriskutsua.

Zailtasun teknikoak, berriz, argi daude: 8c+. Eta gradu horretakoak munduan ez daude asko: “Tribe” (agian, 9a), “Echo Wall (8c+ izan daiteke), “Recovery Drink (8c+), “Meltdown” (8c+), “Blackbeard’s tears” (8c+) eta “Rhapsody” (8c+).

Nytorp oso ezaguna da Finlandian. 40 urte ditu eta, lehiaketetan makina bat garaipen lortzeaz gain, kirol eskaladan pare bat 9a ditu: “Esclatamasters” (Katalunia) eta “Essential” (Frankenjura). 25 metroko artesi horri puntu gorria maiatzaren 14an jarri zion. Prozesua oso luzea izan dela onartu du: «Lehen bisita 1999an egin nuen. Baldintzak ez ziren onak, besteak beste, leku ospela delako. Urteen poderioz, saio gehiago egiten joan naiz. Hara joatea ez da batera erakargarria; izan ere, eskalatzeko bide bakarra dago. Udaberri honetan, berriz, asko entrenatu dut. Eta, beraz, ekinaldi gehiago egin ditut. Eta bosgarren bisitan arrakasta lortu dut».

Bidearen ezaugarriei dagokionez, esan behar dugu 25 metro luze dela. Lehen metroek erori pixka bat dute, eta 10 metroan 7c gainditu behar da: «Erresistentzia handia eskatzen dizu, ez duzu-eta atseden hartzen. Bidearen giltza zazpi mugimendu dira. Sekzio hori bertikala da, eta artesia oso-oso estua. Marran iltze bat jarri nuen, eta eskalatu aurretik aseguruak jarri nituen. Estilo hori hobetu behar dut. Lehen saioan giltzan erori nintzen, eta bigarrenean jarduera biribildu nuen. Teknikoki oso zaila da, baina, era berean, oso segurua. Argi dut ez dela 9a; uste dut, 8c+ izan daitekeela».