Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Antton Elizegiren funtsa hartuko du San Telmo museoak

1954an aitari argazki-kamera hartuta lehen argazkia atera zuenetik, argazkilaritza izan du bidaide Antton Elizegik. Zuri-beltzean lan egitea, ikuspegi artistikoa jorratzea eta etnografiarekiko interesa, hirurak batu dira Elizegiren lanean eta, orain, bost hamarkadatan zehar eratu duen 45.000 artxiboko argazki funtsa San Telmo museoaren eskuetan uztea erabaki du. Hurrengo urtean erakusketa antolatuko dute Antton Elizegiren lanik behinenekin.

Antton Elizegi argazkilari gipuzkoarrak (Lasarte-Oria, 1938) bost hamarkadatik gora daramatza euskal gizartea erretratatzen eta atzo goizean sinatu zuen bere artxiboa –45.000 irudik baino gehiagok osatzen dutena– San Telmo museoaren eskuetan uzten duen agiria.

Hitz gutxiko agertu zen Elizegi eta, berak baino, urte luzeetan berak egindako lanak hitz egitea nahiko lukeela adierazi zuen. «Dena esanda daukat argazkietan», argudiatu zuen.

Orain, Donostiako museoaren esku geratuko da Elizegiren diapositiba, negatibo, liburuen maketa eta koaderno sorta, eta hori guztia katalogatzen eta digitalizatzen hasiko dira. Hurrengo urteari begira, funtsetik hautatutako lanekin Elizegiren obraren gaineko erakusketa monografikoa antolatzekotan direla iragarri zuen Susana Soto San Telmo museoko zuzendariak.

Balio dokumentala

Argazkilari lasartearraren funtsak gordetzen duenaz hitz egin zuen Sotok: «Balio dokumental handiko funtsa da. 50 urtean zehar gure historiako askotariko alderdiak hartu ditu iruditan Elizegik, burdinolak, erromeriak, lantegiak, artistak… erretratatu ditu, guztia kalitate artistiko handiz. Gure ondarea eraikitzeko oinarrizkoak dira».

Maria Jose Aranzasti arte historialari eta erakusketa komisarioa ere izan zen aurkezpenean. Bera izango da Elizegiren dohaintza kudeatu eta hurrengo urtera begirako erakusketa komisariatuko duena. 1954ko ekainaren 17an, bere aitaren Kodak kaxoiarekin “Nire arreba Malu” lehendabiziko argazkia atera zuenetik Elizegi argazkilaritzari emana bizi izan dela ekarri zuen gogora. 1960ko hamarkadan baserri hutsen, enborren eta adarren argazkiak egiteari ekin zion Leica kamerarekin eta, harrezkeroztik, ikuspegi artistikoaz gainera etnografikoa ere aintzat hartzen zuten irudiak izan ditu interesgune: «Errealitatearen zertzeladak islatu izan ditu, lapurtutako uneak, betiko finko geratu direnak, eta irudikapenerako aukera artistikoak bilatzeko esperimentazio aukerak ere aztertu izan ditu». Bere lanen artean, Aranzastik “Sustraietan” argazki bilduma eta 1985. urteko “Harriz harri” bilduma argitaragabea nabarmendu zituen, baita Chillidaren edota Oteizaren obrekin egindako lana ere. Eta, estiloari begira, hark zuri-beltzarekiko zuen interesa nabarmendu zuen: «Beltz ilun hori, beltza eta txuriaren arteko kontraste handia erabili izana da bere lanaren elementu adierazgarrietako bat. Hala, oso emaitza original eta pertsonalak lortu izan ditu».

Aurkezpena amaitu aurretik, Aranzastik xaxatuta, Arantzazun Oteizaren apostoluak erretratatu zituenekoa kontatzera animatu zen Elizegi: «Apostoluen serie bat egiteko eskatu zidaten, eta aldamioa beharko nuela esan nien. Igo nintzen aldamiora, egun oso gris batean, eta zomorro horiek nire aurrean ikusita, beldurra ez, baina errespetu handia sentitu nuen, erronka handia zelako niretzat haien parean egotea; gertutik begiratzea ez da urrundik ikustea bezalakoa. Xirimiria hasi zuen orduan eta bustitzen zihoazen heinean urak kontraste ikaragarri ederrak sortzen zituen haiengan. Liluratuta geratu nintzen. Karretea amaitu arte atera nituen argazkiak».