Nerea GOTI
ASTE NAGUSIAREN BUKAERA ETA MARIJAIARI AGURRA

BEREZKO ZALEAK DITUEN JAIARI BERDIN DIO LEHEN EGUNA EDO AZKENA IZAN

AZKEN UNERAINO IRAUN DU JAI EGITEKO GOGOAK. ATZO ERE ERRALDOIEN KALEJIRAK ERDI LO ZEUDEN KALEAK ASTINDU ZITUEN DULTZAINEROEN LAGUNTZAREKIN, SANTIAGO PLAZA BERTSOZALEEK HARTU ZUTEN ETA GASTRONOMIKOAK SUAK ITZALI ZITUEN, BUZTAN GISATUKO 50 LAPIKO PROBATU ONDOREN. MARIJAIA POZIK JOAN ZEN, ETA SEGURUENIK BERDIN DIO JAIETAN ZENBAT JENDE EGON DEN.

Bederatzi egunen ondoren nekea ez da arraroa, agur esateko orduak zapore tristea izaten du beti, tartean urtebeteko itxaronaldia dagoen arren, eta hala ere, Marijaiari azken agurra esan arteko orduetan giro ederra bizi izan zen jaigunean. Izan ere, zenbait ekitaldik berezko publikoa dute eta egunak ez du erantzuna aldatzen. Gogoa dagoenean berdin dio azken eguna edo lehenengoa izan, Jon Maiak berak gogoratuko zuenez. Goibelagoa zen irudia Areatzako zubitik gora, taberna askok ateak itxi baitzituzten.

Alde Zaharrean jaiek indar berezia erakusten dute urtero. Bizkaiko Gaiteroek esnarazi zituzten Zazpikaleak Deustuko Ondalan konpartsak antolatutako erraldoien kalejirarekin. Ekitaldi preziatuenetako bat da familien artean, baina nabaria da publiko orokorraren artean urtero duen arrakasta, daukan izaera ikusgarri eta alaiagatik. Horren adierazle, kale estuetan zehar balkoien artean dantzan igaro ziren erraldoien irudiak gordetzeko sakelako telefonoekin egin zen grabazio mordoa.

Aurten, Bergarako erraldoiak ziren gonbidatuak, baita Kanbokoak ere, baina azken hauek ezin izan zuten Bilbora etorri «G7koa dela eta».

Zazpikaleetako bihotzean dagoen Santiago plazan jendetza bildu da azken egunetan, atzo zorte gehiagorekin eguerdiro han izaten diren bertsozaleentzako: goiz lainotuak Jone Uria, Aitor Mendiluze, Jon Maia eta Sustrai Colina gustura entzuteko parada eman zuen.

Areatzako gastronomikoak marka ederrak utzi ditu zenbakietan eta bertan bizitako giro neurtezinean, milaka lagun izan baitira egunotan kozinatzen edota su arteko jai giroan. Atzo Txomin Meabe Aste Nagusiko sukaldaririk onena izendatu zuten, Bakioko Lau Haizeta taldeak eta Pa...ya konpartsakoak lehenak izan ziren lehiaketara aurkeztutako 50 lapikoen artean, buztan gisatuaren proban.

Marijaiari agur esateko ekitaldiaren atarian Juan Mari Aburto alkateak datuak ipini zituen mahai gainean, bertaratutako milioi eta erdi pertsonak nabarmenduz eta jaiak paregabeak izan direla azalduz, eraso sexisten «orinak» kenduta. Areatza aldeko txosnetan batek baino gehiagok erantzungo lioke jai giroa ezin dela zenbakiekin soilik neurtu, ekitaldi xume inklusibo askok sekulako giroa eragin dutela eta dirua ere ez dela lehen mailako gakoa jai egiteko eta kalean egoteko beste eredu bat defendatzen denean. Pa...Ya eta Kaskagorrikoen arteko «guda zikinak» berak agian aho zabalik utziko luke alkatea.