02/09/2019

EDITORIALA
Erronka zaharrak zein berriak ikasturte hasieran

Haur eta gazte guztiak ez dira oraindik klasera itzuliko, baina ofizialki, gaur hasten da 2019-2020 ikasturtea Euskal Herriko hezkuntza zentroetan. Hamaika dira bai Nafarroan, bai Ipar Euskal Herrian eta baita EAEn ere sektoreak aurrez aurre dituen erronkak, batzuk aurreko urteetatik jasotakoak, beste batzuk berriak.

Udan zehar gauzatu den gobernu aldaketa dela-eta, Nafarroako kasua da, agian, deigarriena. Aldaketaren garaia bukatuta, berebiziko garrantzia dauka aurreko legealdian emandako aurrerapausoak Carlos Gimeno sailburu berriarekin egonkortzeak. PSN Skolae berdintasun-programaren defendatzaile sutsua izan den heinean, Chiviteren gobernuak aurrera jarraitu beharko luke bere ezarpenean. Duda gehiago sortzen ditu euskarazko eskaintzak sare publikoan, Gimeno askotan oldartu baita afera honetan aldaketak egitearen kontra. Egiteke asko utzi bazituen ere, aurreko gobernuak euskaraz sare publikoan ikasteko eskubidea bermatu zien nafarrei; horri eustea gakoa izanen da, aurrerantzean, beste aritmetika batzuekin, berriz aurrera egin ahal izateko. EAEn oso bestelakoak dira erronkak. Lan baldintzen esparruan ikasturte gatazkatsua antzematen da, bereziki itunpeko eskoletan. Segregazioaren auziak ere kezkatu beharko lituzke Lakuako arduradunak, pobrezia tasa gora doan gizarte batean jatorriaren eta klasearen arabera desberdintasunak sakontzea arrisku handia da-eta. Ipar Euskal Herrian ere, zaharrak berri. Uda hasi aurretik azken unean lortutako akordioak betetzen direla ziurtatu beharko dute bai Seaskan bai Ikas-Bin. Nobedaderik badago, hala ere: Blanquer zirkularraren asmo zentralizatzaileei aurre egitea ez da lan makala izanen.

Zaharrak zein berriak, desberdinak dira administrazio bakoitzean ematen diren erronka zehatzak, azken helburua amankonuna bada ere: eskubide guztiak bermatzen dituen hezkuntza duin bat. Lortu beharreko lehen pausua ere amankomuna da: hezkuntza lehentasun gisa ezartzea.