Aitor Montes Lasarte
Familia medikua Aramaion
KOLABORAZIOA

Elkano Osakidetzan

Osakidetzako zuzendaritzak Itzulbide izeneko proiektua abian jarri nahi du, historia klinikoan ere euskararen presentzia areagotzeko. Erizainen eta medikuen laguntzaz testu-corpus handia sortu nahi du, eta hortik abiatuta, itzultzaile automatiko bat. Pazienteen segurtasuna babestea da, itxura denez, horren zergatia. Izan ere, profesional askok ez dakite euskaraz eta, beraz, ezingo dute euskaraz idatzitakoa ulertu. Bestalde, itzultzaile profesionalek egindako itzulpenak oso garestiak omen dira. Gauzak ondo badoaz, 2020rako prest egon daiteke, eta lasaitasun handiz hasi gaitezke egiten aspalditik lasaitasunez egiten ari garena: euskaraz idatzi, hain zuzen ere.

Nik ez dut Itzulbiden parte hartuko, ez daukat horren beharrik. Hasteko, ez dut denborarik galtzen testuak ele bitan idazten. Euskaraz edo gazteleraz idazten ditut, pazientearen arabera. Osasun arloan hori baita elebitasuna: erdaldunari erdara betean eta euskaldunari euskara betean arreta ematea. Bigarrenik, itzultzaile automatiko batek ez duelako pazienteen segurtasuna bermatzen; kontrara, kolokan jar dezake. Aldiz, langileen eta erabiltzaileen arteko hizkuntza-parekotasuna da mundu osoan onartu den estandarra. Azkenik, horri aurre egiteko euskararen zirkuituak proposatu zirelako. Lehen mailako arretatik espezializatura protokolizaturiko ibilbideak, langile euskaldunak identifikatuz eta bilduz, zerbitzua bere osotasunean euskaraz eskaintzeko asmoz, baita idatzizko harremanetan ere. Hizkuntza eskakizunek ez baitute egun osasun arreta euskaraz bermatzen, zirkuiturik ezean. Zirkuituek historia klinikoa euskaraz berma dezakete, arretaren kalitatea, pazienteen segurtasuna, ekitatea eta hizkuntza-justizia uztartuz.

Osakidetzak ez ditu ibilbideak behar beste garatu, baina profesionalen eta herritarren eskaerari erantzuna emateko beharrean dago, erdaldunak asaldatu gabe. Izan ere, ospitaleko alta txostenak euskaraz idazten hasi dira ospitaleetako hainbat mediku, zuzendaritzaren baimenik gabe. Horrenbestez, itzultzaile automatikoa izango da euren erantzuna: aurrerantzean, osasun profesional euskaldunek ahal izango dute euren txokoan, betiere inor molestatu gabe, euskaraz idatzi, baldin eta idatzitakoa gaztelerara itzultzen bada.

Dena den, atseginez eta harrotasunez betetzen naute Osakidetzaren ahaleginek. Inork lortu ez duena, euskaldunok lortuko dugu. Anglo-saxoiek ekografia asmatu zuten, baita erresonantzia magnetikoa ere. Eurek egin zituzten lehen saio kliniko kontrolatuak, eurek asmatu antibiotikoak, txertoak, antisepsia. Osasun sistema nazionala, unibertsala eta doakoa euren burukeria izan zen, ebidentzian oinarrituriko medikuntza legez. Baina aberatsak izanda ere, munduko hiztun-talderik indartsuena izanda ere, ez dira gauza izan osasun arloan itzultzaile automatiko bat garatzeko. Ez dute horrelakorik erabiltzen, ez dute horren beharrik ere ikusten, eta askok ez dute onartzen. Baina ez ziren munduari bira ematen lehenak izan, Elkano baizik. Gure probetxurako eman zion edo ez, beste gauza bat da. Elkano bezala, eta diru gutxiren truke, itzultzaile automatiko bat erabiliko dugu non eta osasungintzan, mundu osoan lehen aldiz. Gure onerako izango den edo ez ikusi behar. Baina gauza bat lortuko dugu, zalantzarik gabe, horri esker: euskaraz idazteko eskubidea onartuko zaigu, jakinda euskara ez dela inoiz ere derrigorrezkoa izango, ezta pazientearekin euskaraz egitea ere. Gure bazterrean, ez diogu inori trabarik sortuko. Epe laburrera, euskaraz idazteko lasaigarria; epe luzera begira, kaltegarria izango den hipnotikoa. Eman diezaiotela munduari buelta, toki berdinean egoteko. Elkanorena bezala, errenta gutxiko ahalegin handia.