Joseba GARMENDIA
EHUko irakaslea
GAURKOA

Lurralde sinergiak

Ezin uka une batzuetan herri proaktiboa eta eraikitzailea garenik. Gure gizartea artikulatzen duten kultura, hezkuntza, politika eta ekonomia arloetako eragile antolatuen bitartez bideratzen da grin hori. Beste batzuetan inpresioa dut aktore oso prokrastinatzaileak ditugula, egin beharrekoak azken unerako lagatzen dutenak alegia. Apustu handiak mehatxuaren arnasa lepoan sentitu arte ez bagenitu egingo bezala.

2001. urtean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kontzertu Ekonomikoa iraungitzen zen, 1981an sinatutakoak hogei urteko iraunaldia zuelako. Garai hartan gaiak ez zuen transzendentzia mediatiko handia izan, eta inork gutxik adierazi zuen zerga esparruan ditugun eskuduntzak galtzeko atakan geundenik. Negoziaketa garrantzitsua zegoen aurrean. Orduan jazo ziren hamarkadetan eman gabeko eta oraindik itzal luzea duen indar abertzaleen akordioak: Lizarra-Garazi, udaletako eta Gasteizeko Legebiltzarreko legealdi-akordioak eta beste batzuk. Orduan sortu zen Udalbiltza eta herri bezalako apustuak irudikatu ziren. Inon ez dut irakurri aktore batzuen apustu haiek Kontzertu Ekonomikoaren negoziaketan indar posizioa hartzeko izan zitezkeenik, baina ez zait iruditzen lekuz kanpoko hipotesia. 2002ko udaberrian sinatu zen Kontzertu berria, non itunak izaera indefinitua lortzen zuen, Nafarroa Garaikoak bezala.

Garai hauetan mehatxu zentralizatzaileak ugaritzen ari dira. Ez soilik uniformizazioa aldarrikatzen duten alderdiak eta ahotsak indartzen ari direlako, baita praktika instituzionalak berak erakusten duelako ere. Hor daude azken hamarkadetako lege eta neurri zentralizatzaileak: udaletxe, legebiltzar eta foru aldundien maniobra tartea erabat murriztu duten Aurrekontu Egonkortasunerako Legea, herritarron ongizatearen kalterako izan diren Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak hainbat legedi eta neurri indargabetuz, banku sistemaren erreformak, hezkuntza, eta abar luze bat. Katalunian izandako eta soka luzea ekarriko duen esku sartzea ahaztu gabe.

Etorkizunerako, hurbila edo ez, irudikatu daitekeen agertokia kezkatzeko modukoa izanik beharrezkoa litzateke prestatzen joatea, azken unera arte etxeko lanak utzi gabe. Esparru anitzeko akordioak eta prozesuak eskatuko dute, neurri esanguratsu batean azken hamarkadetan metatutako dinamika arrakastatsu eta porrotetatik edan dezaketenak. Eta dinamika global horretan lurraldeen arteko sinergiak profitatu beharreko dimentsioa osatzen dute.

Hego Euskal Herriko lurraldeen arteko elkarlan dinamikak historian ugariak izan dira. Pentsamendu abertzaleak nazionalismoaren bektoreetan (hizkuntza, kultura, historia, nazioa) pibotatu du praktika hauek justifikatzeko eta legitimatzeko orduan. Alde hori gutxietsi gabe, badago beste ikuspegi baliagarri bat: elkarlan horrek gizarteari ekar dakizkiokeen onurak egunerokotasunean, alegia. Esparru ekonomikoari erreparatuz gero, agerikoak dira hainbat gai non sinergiak aurki daitezkeen lurralde ezberdinen artean, eta, zehatzago, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean. Horietako bat zerga eskuduntzak definitzen dituzten eta subiranotasun oso baten aztarnak diren itun eta kontzertu ekonomikoak. Koordinazio eta elkarlan instituzionala ahula izanik ere, partekatzen dugun singularitatea edo eskubide historikoen iturri amankomuna euskal imajinarioan azpimarratzea emankorra litzateke, geroan artikulatu behar badira erantzun bateratuak erakunde autonomikoen partetik.

Sinergia posible horien existentzia modu negatiboan ere identifikatzea badago. Hor dago UPNAren erabakia, EAEtik ahalik eta gehien urruntzeagatik, Aragoi, Errioxa eta Lleidako unibertsitatearekin batera Iberus Bikaintasun Campusa osatzeko, EHUrekin elkarlana suspertu ordez. Baina kasurik esanguratsuena Nafarroako Aurrezki Kutxa-CAN da. Madriletik inposatu zen bankarizazio eta fusio prozesuan, aldagai ekonomiko hutsei begiratuta, egokiena BBK, Kutxa eta Vital-ekin batera prozesu hori egitea zen. Hamabost urtetan zehar (1990-2005) elkarren artean ez lehiatzeko eta eremu batzuetan jarduera komertziala koordinatzeko akordioa eman zen. Geografikoki duplizitatetik ez zeuden, bakoitzak nagusiki bere lurraldean ezartzen baitzuen bulego sarea, 2006 arte bederen. Bikoiztasunik ez zegoen bulegoetan, ez langileen artean, ez negozio eremuetan, eta egoera horrek sinergia ekonomiko errentagarriak ahalbideratzen zituen. Zuzendaritza ekipoek lauen arteko fusioa aukera logikoena zela defendatu arren, irizpide politikoek markatu zuten Nafarroako Aurrezki Kutxak Banca Civican (2010) amaitzea Cajasol, CajaCanarias eta Caja de Burgos-ekin batera. La Caixak 2012an erosi eta desagerrarazi zuen arte.

Bi erkidegoen artean esploratu gabeko sinergiak daudela erakusten digute egitura produktiboen antzekotasunak eta beraien artean ematen den artikulazio komertzialak. Bi erkidegoetan industriaren papera funtsezkoa da eta espezializazio produktiboan parekotasun ugari dituzte, bietan metalurgiak, autogintzak, makinariak eta elikagaien industriak jarduera adar garrantzitsuenak baitira. Bestalde, bi erkidegoetako enpresen arteko merkataritza harremanak oso sendoak dira.

Faktore horietan oinarrituta sinergia esparruak nabarmen azaltzen dira. Laburki zenbait zerrendatzearren, industria politikan kluster programak ditugu, non eta jarduera berdinetan klusterrak existitzen dira, hala nola, automozioan (ACAN eta ACICAE), energian (ENERCLUSTER eta ACE) eta ikus-entzuneko sektorean (CLAVNA eta EIKEN). Espezializazio adimentsuaren arloan (RIS3 programa) arlo komunak lantzen ari dira bi gobernuak, hala nola, energia berriztagarriak, biozientziak eta fabrikazio aurreratua garraio eta makinaria jardueretan. Tokiko garapenari dagokionez, GARAPENen koordinatzen diren ekimenen eta Nafarroa Garaiko garapen agentzien arteko elkarlan eta ikasketa prozesu sistematizatuak aberasgarriak lirateke alde guztientzat. Antzeko aukerak aurki daitezke lanbide heziketan, landa eremuko politiketan, zientzia eta teknologia azpiegituren sareetan…

Erakunde publikoen arteko elkarlan dinamika legitimatzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Lankidetzarako Protokolo Orokorra (2016) eta Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea daude. Ikuspegi zabalago batean, ordea, hainbat dinamikak frogatu bezala (Udalbiltza, Zuberoa Garatzen, Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa, Errigora…) eremu komunitario, enpresarial eta sozialean ere badago lan aukera ugari.