16/09/2019

QSko lehiakideek igoera lortzeko dituzten aukerak handitu nahi ditu WSLk

WSLk 2020ko zirkuitua aurkeztu eta 10.000 puntuko txapelketa gehiago iragarri ditu, mutilen zein neskenQS itzulian. Helburua bigarren mailako lehiakideei lehen mailara igotzeko «aukera gehiago» ematea da.

Haritz LARRAÑAGA
0916_its_macaulay

World Surf League erakundeak lehen eta bigarren mailako itzulien artean dagoen distantzia laburtu nahi du. Izan ere, behin lehen mailara igo eta bertan mantentzea, bertara iristea baino errazagoa dela kritikatu izan dute QSko lehiakideek. Horregatik, arazo horri aurre egiteko saiakera ugari egin izan dira.

WSL erakundeak norabide horretan emandako lehendabiziko urratsa honakoa izan izan zen: TOP34ko lehiakideak bigarren mailan lehiatzera behartzea euren postuei eusteko. Izan ere, azken urteetan CT itzulian lehen hamar postuak eskuratzen dituztenek soilik gordetzen dute euren postua hurrengo denboraldirako, eta, ondorioz, bigarren mailan (QS) ere postu on bat izan behar dute lehiakideek, bai behintzat lehen mailan jarraitu nahi badute.

Aldaketa horrek, zalantzarik gabe, lehen eta bigarren mailako zirkuituen arteko distantzia laburtu zuen, baina WSL erakundeak urrats bat gehiago eman nahi du orain, aukera gehiago eskaintzeak maila orokorra igo dezakeelakoan. Hori horrela, datorren urterako 10.000 puntuko txapelketa gehiago iragarri ditu, bai mutilen kategorian bai neskenean.

The Challenger Series

WSL erakundeak izen berria hartu zuenean (aurrez Association of Surfing Professionals izena zuen), txapelketen izena eta izaera ere aldatzeko erabakia hartu zuen. Hala, 2015. urtean, WQS erakundeak QS izena hartu zuen, eta, txapelketen maila adierazten zuten izarrak, berriz, puntuengatik aldatu zituzten.

Sasoi hartan gehienez sei izar izan zitzakeen bigarren mailako lehiaketa batek, baina baziren puntu gehiago eskaintzen zuten txapelketa batzuk, PRIME izena zeukatenak. Aldaketen ostean, izarrak puntu bilakatu ziren; bada, gaur egun, puntu gehien eskaintzen dituzten lehiaketak 10.000 puntukoak dira. Aurrerantzean hori ez da aldatuko, bigarren mailako lehiaketa garrantzitsuenek 10.000 puntu eskaintzen jarraituko baitute, baina, aldiz, mota horretako txapelketa gehiago izango dira, eta “The Challenger Series” izena hartuko dute.

Berriro izena aldatzeko erabakiak, ordea, helburu komertzialak ere baditu. WSL erakundeko ordezkaria den Sophie Goldsmidtek azaldu zuenez, «Challenger Series lehiaketek atleten karrera profesionala garatzen laguntzea espero dugu, noizbait CT zirkuituan egon daitezen, baina hori bakarrik ez, aldaketa ikuspegi komertzial batetik ere onuragarria izatea nahi dugu».

Txapelketa gehiago

Horiek horrela, datozen urteetan 10.000 puntuko txapelketa gehiago egiteko helburua ezarri du WSLk. Mutilen mailan 10.000 puntuko zazpi lehiaketa izango dira datorren urtean, eta nesken mailan, berriz, lau txapelketa. WSLko ordezkarien esanetan, helburua urtero Challenger Series mailako hamar txapelketa antolatzea da.

Aurtengo bigarren mailako zirkuituan guztira 10.000 puntuko zortzi txapelketa izango dira. Mutilen QS zirkuitua osatzen duten 59 txapelketatik, soilik sei lehiaketek eskaintzen dituzte 10.000 puntu, beraz, datorren urtean maila horretako txapelketa bakarra gehituko dute.

Nesken mailan, ordea, 10.000 puntuko lehiaketen kopurua bikoiztu egingo da. Izan ere, aurtengo nesken QS zirkuitua osatzen duten 38 txapelketetatik, soilik bi txapelketek eskaintzen dituzte 10.000 puntu.

Garai batean, maila honetako txapelketak PRIME kategoriakoak zirenean, ezin ziren edonon egin, hau da, maila horretako lehiaketa bat egiteko irizpide batzuk bete behar ziren. Adibidez, urautsiak mundu mailako kalitatea izan behar zuen, eta, horrela ez bazen, gutxienez, txapelketa berezia izan behar zen, jende asko mugitzen zuena edo historia bat zuena atzean. Denborarekin, txapelketa horietako asko lehen mailako zirkuituan atxiki zituzten. Aurkeztu dituzten txapelketen zerrenda ikusita, badirudi logika bera ezarriko dutela aurrerantzean ere.

Horrenbestez, egun egiten dituzten 10.000 puntuko ohiko lehiaketek indarrean jarraitzen dute datorren urteari begira, baina horiez gain beste bi gehiago ere izango dira. Bata, martxoan Zeelanda Berriko Piha urautsian, bai mutilena bai neskena izango dena. Bestea, berriz, neskentzat soilik izango da eta 2020ko azaroan egingo dute, Australiako Philip Island urautsian.

BI LEKU BERRI


2020ko QS zirkuituan 10.000 puntuko bi txapelketa berri izango dira. Bata Zeelanda Berriko Piha urautsian jokatuko da (mutilak zein neskak lehiatuko dira), eta, bestea, Australiako Philip Island urautsian (soilik neskak ariko dira).