Xabier Arregi Gordoa
Itzultzailea
GAURKOA

Plakak eta ongietorriak

Espazio morala gure askatasun gunea da, legeen eta politikaren kanpoko aldea. Bertan gure bizitzaz erabakitzen dugu, egiten dugu herritarrok bizikidetza ahalezkoa egunerokotasunean, adiskidetasunean, disidentzian; jokatzen dugu zuzen eta oker, zital eta jator, kuttuntasunez eta ikusi ezinez, gara onetsiak eta gaitzetsiak… Badaude norbanako eta talde moralistak interesa dutenak askatasun eremu hori eurenganatzeko eta mugak eta norabidea ezartzeko, gure jendartea moralista itogarri bihurtuz. Horien artean hainbat eragile politiko daude: elite politikoa, komunikabideak, hainbat GKE eta jendarteko mugimendu deritzenak. Etengabeko ahalegina egiten dute espazio morala, herritarron askatasun espazioa, inbaditzeko. Politikan bat eginik daudela, argudio politikoak agortzen zaizkienean argudio etikoetara jotzen dute. Gure eguneroko bizitzako hainbat arlotan egiazta daiteke hori dena, baina azken hamarkadetan (azken mendeetakoa ahazten da nahita) bizi izan dugun indarkeria egoerari erreparatuko diot. Politikak horren irakurketa morala, historikoa, ezartzeko erabakia hartu du, horretarako adiskidetzea, bizikidetza, oroimena eta horien moduko hainbat kategoria etiko bereak eginaz. Bi ekimen hartuko ditut horren adibidetzat, biei eman zaien trataera alderatuz.

Lehena, Donostiako Udaleko politikariek hiriko kaleetan jarri dituzten plakak indarkeriaren biktima batzuk ohoratzeko. Plaketan gogoratzen diren biktimen artean 1976ko atentatu batean hildako polizia frankistako hiru kide daude: bi polizia armadakoak (grisak) eta BPSko bat (sekreta). Has gaitezke galdegiten ea etikoki egokia den frankismoari lotutako poliziak ohoratzea. Gogoratu behar da garai haietan manifestazio batean parte hartzeak hila gertatzeko edo harrapatua izan eta tortura latzak jasateko arriskua zuela. Poliziako kide guztiak ez ziren berdinak izango, esango da. Hala ere, baliteke plakak jartzen jarraitu ahala, orain edo aurrerago, ohorea egiten zaien horietakoren batek parte hartu izana halako gertaeretan, baita lekukoak egotea ere, eta lekuko horiek etxe azpian izatea torturatu zituenaren ohorezko plaka. Zeozer aldatuko luke horrek? Ekimen horretan elite politikoaren bultzada eta parte hartzea ia esklusiboa izan da. Komunikabideetan txalotu eta hauteskunde programetan aldarrikatu da. Historia idazteko, betikotzeko, eta epe luzeko oroimena finkatzeko asmoa dago.

Bigarrena, Oñatin eta Hernanin presoei eta horien senideei egin zaizkien harrerak ditugu. Epaituak eta kondenatuak izan ziren. Jasotako zigorrari hainbatetan gehitu zaizkie torturak, zigor-ziegak, bakartzeak, egurtzeak, urrunketa, sakabanaketa… Ekitaldi horietan ez zen egon elite politikoaren bultzadarik, ezta parte-hartze protagonistarik ere; senide eta lagun artekoa izan zen. Minutu gutxi batzuk iraun zuten, ibilbide laburra eginaz. Diskrezioarekin eraman ziren, eta ez zegoen asmorik zarata handiagorik egiteko. Gertaera han egon zen jendearen epe laburreko oroimenean geratuko zen, eta ez zukeen herritik kanpoko ia inork haren berririk izango, hori aireratzeko eta jazartzeko asmo zitala egon izan ez balitz. Helburu horrekin, han agertu ziren hainbat komunikabide, eta horri heldu zion elite politikoaren gehiengo batek.

Legeak, politikak, derrigortzen ez duenez plakak ipintzea, betebehar etikoa bihurtu dute, eta biktima batzuen oinazea aitortzeko balio ei dute, agian beste batzuena areagotzeko. Benetan jo al daiteke betebehar etikotzat plaka horiek jartzea, jakinda polizia gorputz horiek jokatu zuten papera garai haietan eta geroago? Politikari horientzat, aldiz, presoei eta senideei egiten zaizkien harrerak ez ei dira ikuspegi etikotik onargarriak; biktima batzuk iraintzen, mespretxatzen, omen dituzte, sufrimendua eragiten ei dute, eta indarkeria, ETArena, justifikatzeko balio omen dute. Horregatik exijitu da (exijentzia etikoa) harrera horiek ezkutuan egiteko, espazio itxietan. Baina eman diezaiegun buelta argudio horiei. Harrerek ETAren indarkeria justifikatzeko balio dutela esan ordez, esan liteke plaka horiek frankismoa eta hamarkadetako tortura justifikatzeko balio dutela, diktaduraren eta torturaren biktima guztiak iraintzen dituztela, sufrimendua eragiten dutela eta bizikidetzarako traba direla. Gainera, esan daiteke presoei eta senideei egindako harrera horiek betebehar etikoak direla, horiei ezarri zaizkien zigor eta oinaze erantsiak aitortzeko.

Politikariak, hizkuntza etikoaren jabe egiten ahalegintzen denean, eduki beharko luke zuhurtzia pixka bat, apaltasuna, distantziakidetasuna, jarrera proposatzailea, ezarpenik gabekoa, ez baitago eskuak garbi dituenik gai honetan. Ez dago plaka horiek ipintzeko inolako betebehar politikorik, ez etikorik, eta ez diote inolako ekarpenik egiten bizikidetzari, alderantziz. Batzuek pentsatuko balute plakak jartzea betebehar etikoa dela, nik iradokiko nieke argudio etiko bera baliatuz errugabe torturatuen (milaka azken hamarkadetan) ohorezko memoriala eraikitzeko, torturatuen kalea edo plaza izendatzeko, polizia kontroletan hildakoena, sakabanaketa jasan behar izan duten atxilotuen senideena, horien artean errepideetan hildakoen eta zaurituen parkea… Zergatik ez?