GARA
ALTSASU

ANk «gorroto delitua» ikusi du Ospa Egunean eta Altsasura igorri du auzia

Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak Altsasuko epaitegira igorri du Ospa Egunaren azken edizioaren aurka zabaldutako auzia, ekimenean «gorroto delitua» egon zela uste izanda. Urtebete eta lau urte arteko kartzelaldiarekin zigortzen du delitu hori Zigor Kodeak.

Berriz ere Altsasu botere judizial eta komunikabide espainolen ahotan; oraingoan, aurtengo Ospa Eguna dela-eta. Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Morenok joan den abuztuaren 31n garatutako ekimen horretan «gorroto delitua» egon daitekeela uste du eta auzia Altsasuko epaitegiaren esku utzi du. Delitu hori, Zigor Kode espainolean, urtebete eta lau urte arteko kartzelaldiarekin zigor daiteke.

Dignidad y Justicia (DyJ) elkarteak Ospa Eguna debekatzeko egindako eskarian du abiapuntu auziak. Morenok ez zuen horrelako neurririk hartu, baina Estatuko Segurtasun Indarrei agindu zien gertutik jarraitzeko eguneko nondik norakoak. Orain, «ekinbideen azterketa egin ondoren», epaileak ikusi du «gorroto delitu» hori egon zitekeela ekimenean eta Altsasura bideratu du kasua. DyJk «terrorismoaren goratzea» eta «biktimen umiliazioa» ere auzian sartzea nahi zuen, baina epaileak ezezkoarekin erantzun dio.

Bere ebazpenean, Morenok nabarmendu du Ospa Eguna «herri bazkariekin ospatzen» dela, «dantzekin edota kalejirekin, eta herritarren parte hartze handia du. Baina beti ideia bat du oinarrian eta helburu argi bat jopuntuan: Guardia Zibilaren aurkako giroa sortu eta garatzea» Euskal Herritik «alde egin dezan».

Ospa, jopuntuan

Ospa Egunaren azken edizioan Altsasun «pankarta erraldoiak» eta afixak jarri zituztela gaineratu du epaileak, eta beroietan Guardia Zibilaren aurkako «irain larriak» jasotzen zirela. «Guardia zibilen serigrafiak ikus zitezkeen, ‘Alde Hemendik’ kanpainan ohikoak diren esaldiek lagunduta».

Ospa Egunari buruz Guardia Zibilak egindako txostena hitzez hitz jasotzen du Morenok eta, hartara, Ospa mugimendua jopuntuan jartzen du: guardia zibilak eta haien senitartekoak «etengabe xaxatzearen» errudun nagusitzat dauka, «gorrotoa bultzatuz eta areagotuz».