Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Kaxmir

Indiaren zatiketa gertatu zenetik bertatik, Kaxmir kontrolatzeko borrokan dabiltza tokiko matxinoak eta India zein Pakistaneko gobernuak. 1990ean matxinoak Indiaren kontra altxatu ziren eta armada gogor jazarri zitzaien. Ehunka hildako, etxe erreketa eta bortxaketa masiboak eragin zituen gertaerak.

Agha Shahid Aliren “The Country Without a Post Office” (1997, Posta bulegorik gabeko herria) bildumari izena ematen dion poeman, Kaxmirren muturreko inkomunikazio egoerari aurre egin behar izan ziotenen tokian jartzen du narratzaileak bere burua. Zer izan behar duen egun batetik bestera, inolako abisurik gabe, inguruan ez dituzun horiekin komunikatzeko gai ez izatea. Zer sentsazio, zer sentipen eragin behar dituen ohikoa dena bat-batean ezohiko bihurtzeak. Poemari hasiera ematen dion lerrotik –“Une batean zure berri galdu nuen”– ezin da gauza handirik ondorioztatu, batak bestearen berri galtzearen arrazoia argi ez dagoelako. Narratzailea “berririk iritsi ezin den hiritik” oinez abiatu eta ikusten duenaren berri ematen hasi ahala, telefono lineak moztuta, posta bulegoan gutunak metatuta aurkituko ditugu. Itxialdiaren eraginez ohitura bitxia nagusituko da jendearen artean. Patriketan, paper zati batean, “helbidea idatzita daramate,” gutunik ezean “beren gorpuak behintzat etxera hel daitezen”.

Ia 30 urte igaro dira ordutik, baina aurrera beharrean denborak atzera egin duela ematen du. Autonomia onartzen zion artikulua deuseztatu ostean, behin gehiago setio egoeran jarri du Indiak Kaxmir.