Arantxa Manterola
Kazetaria
JOPUNTUA

Hegalak eta sustraiak

Fenomeno berria ez baden arren, azkenaldian hizpide da landa eremuko hustuketa demografikoa. Esparru ekonomiko, sozial, kultural eta zerbitzuetakoan jazo diren hamarkadetako aldaketen ondorioz herri txiki asko hustu dira edo husteko bidean dira.

Bistakoa da egoera larriari buelta emateko politika indartsuak beharko direla, batez ere, herriok bizirik irauteko lan itzela egiten ari diren biztanleak laguntzeko. Norabide horretan eta geroa iparrorratz, gazteen esparruak izan beharko luke politika horien hartzaile nagusietakoa. Landa lurretako gazteek dituzten oztopoei buruz Gobernu frantsesa egiten ari den azterketa bereziaren harira, hausnarketa interesgarria plazaratu berri du “Le Monde”-ko orrialdeetan Bixente Etchezaharretak.

Baxenabartarra Des Territoires aux Grandes Ecoles elkartearen sortzailea da eta urteak daramatza landa eremuko gazteek, baxoa egin ostean, goi-mailako ikasketak egin ditzaten ahalegintzen. Informazio eskasa, unibertsitate eta formakuntza berezietako eskola handiak urrun daudelako sortzen diren gastuak eta antzeko oztopo materialak ez ezik, pentsamoldeen horma izan ohi da korapiloetako bat, gazteongan eta beren ingurumari sozial eta familiarrean halako autozentsura bat gertatzen delako. Egoera horrek, norbanakoen ibilbidean ez ezik, ondorio kolektiboak dituela nabarmentzen du elkarteak, «lurraldeen eta bertakoen dinamismoa ahultzen delako».

Orain argitaratu duen analisian beste arrisku bat azpimarratu du: erne hustuketa mota berriak ez eragitearekin. Aukera berdintasunaren izenean, maiz, gazteak metropolietara bultzatzen dituzten politikak ezartzen dira, albo-ondorioak kontuan izan gabe, eta horrek «indar biziak» beren lurraldeetatik alde egitea ekar lezake. Horregatik, bere ustez, ezinbestekoa da trebakuntza politika sustatzaileak lekuko garapen ekonomikoa sustatzeko politikekin lotzea.

Etchezaharretari aspaldi egin nion elkarrizketan azaleratutako ideia nagusia gogora ekarri dit: «Hegalak behar dira kanpora joan eta ikasteko eta ikusteko, baina baita sustraiak ere, ikasitakoa bueltan zure lurrera ekartzeko». Ba, bai.