Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

«Euskera» agerkariaren azken alean Torrealdai omendu dute

Torrealdaik euskal literaturak jasan duen zentsura aztertu zuen urteetan. Berak bakarrik ia 2.000 fitxa ikertu zituen doktorego-tesia egiteko, eta lan mardul horrek, euskal kulturaren memoria historikoa berpizteaz gain, egun lanean ari den lantalde bat osatzeko balio izan zuen.

Euskaltzaindiak mendeurreneko ospakizunak amaitu berri ditu eta berriz ere badu zer ospatu euskal akademiak, “Euskera” agerkariak 100 urte betetzen baititu. Bertan euskararen inguruko artikulu landuak argitaratzen dituzte, eta oraingoan aipamen berezia egin nahi izan diote Joan Mari Torrealdairi, zentsura literarioaren inguruan egindako urteetako lanagatik.

Mari Jose Olaziregi euskaltzain urgazleak idatzi du liburuaren hitzaurrea, “Zentsuratuak, baina ez ahaztuak”. Azaldu zuenez, testu horren atzean 13 pertsonaz osatutako lantalde bat dago eta lan hori posible izan da bere garaian Torrealdaik bere tesia idazteko frankismo garaira arteko zentsuraren inguruko ikerketa egin zuelako.

Egungo lantaldeak Franco hil ostean ere zentsura ez zela amaitu egiaztatu du, zentsura txostenik berriena 1983koa baita. «Joan Marik ia 2.000 fitxa aztertu zituen berak bakarrik, horrek suposatzen duen lan mardularekin», aipatu zuen. BEre hitzetan, egun oraindik ere lan hori egitea zaila dela ikusirik, duela 20 urte are zailagoa izango zen.

Lourdes Otaegi euskal filologian doktoreak ere argitalpenerako artikulu bat idatzi du, “Gabriel Arestiren poesia zentsuraren aurrean. Isiltasun garaietarako kodea”. Kontatu zuenez, 2018an EHUko Uda Ikastaroen baitan Torrealdairen omenezko biltzarra antolatu zuten Euskaltzaindiko kolaboratzaileekin, eta bertan sortu zitzaien “Euskera”-ren ale hau egitea.

Joan Mari Torrealdaik, bere aldetik, zehaztu du zentsura ez dela iraganeko kontua, nahiz eta iraganean azter daitekeen. Egungo lantalde unibertsitarioari dagokionez, berarentzat zentsuraren ikerketa unibertsitatera iritsi izana «poz handia» dela esan du, inoiz ez zukeelako halakorik amestuko. Ikerlarien lana txalotu du eta horretan jarraitzera animatu ditu: «Iragana aztertuz etorkizuna eraikitzen ari zarete».