04/12/2019

Urkulluk euskararentzat «bide berriak» aldarrikatu ditu, esparru guztietan hazten jarraitzeko modua izan dezan
GARA|BILBO
1204_eh_euskara

“Bide berriak, modu berriak”. Goiburu hori aukeratu zuten Euskararen Egunaren ekitaldi instituzionalerako EAEko erakundeek, eta horixe aldarrikatu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak bere hitzaldian: gizartearen esparru guztietan hazten jarraitzeko modua izan dezan, lan mundutik hasi eta aisialdiareneraino, euskarak «bide berriak» hartu beharko dituela.

Euskalduna jauregian egindako ekitaldian, hamarkadotan hizkuntza nazionalaren sustapenean egindako urratsak aitortu zituen Urkulluk. «Euskal gizarteak hautu bat egin zuen aspaldi, eta aldiro berretsi egiten du: euskara bizi-bizirik nahi dugu gaurko eta biharko gizartean. Garenaren parte garrantzitsua delako, aberasten gaituelako, euskarak gehitu egiten duelako, inoiz ez kendu... Euskarak, bere txikitasunetik eta bere neurrian, mundua aberasten du, anitzago egiten du. Ibilbide bat egin dugu, eta ibilbide horri jarraipena ematea dagokigu».

Lehendakariarekin eta bere Gobernuko sailburu hainbatekin batera –Josu Erkoreka, Bingen Zupiria, Arantxa Tapia eta Cristina Uriarte, besteak beste–, Euskaldunara batu ziren beste hainbat erakundetako eta gizarte zibileko ordezkariak: enpresa mundukoak, kirol arlokoak, kulturakoak, hedabideetakoak...

Adierazpena eta Euskaraldia

Joan den ostegunean Lakuako Gobernuak, hiru foru aldundiek, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek, Eudelek eta UEMAk aurkezturiko adierazpen adostuaren berri ere eman zuten Ilaski Serranok eta Zuhaitz Gurrutxagak gidaturiko ekitaldian. Testu horretan, hain justu, instituzioen eta euskararen aldeko gizarte ekimenaren arteko elkarlanaren garrantzia nabarmentzen dute sinatzaileek.

Euskaraldiaren bigarren edizioari ere egin zioten aipamena. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek eskaini zituzten xehetasunak, eta gogorarazi zuten 2020koan, norbanakoen inplikazioaz gain, erakundeen eta kolektiboen parte-hartzea bilatuko dela.