GARA
PARis

CGT pentsioen erreformaren aurkako greba indartzearen alde azaldu da

Estatu frantseseko pentsio sistema aldatzeko proiektuaren aurka indarrean dagoen greba gelditu barik indartzearen alde azaldu da Philippe Martinez CGT sindikatuko idazkari nagusia, erreforma bururaino eramateko asmoa berretsi baitu Emmanuel Macronek.

Gobernu frantsesak bultzatzen duen pentsio sistemaren erreformaren kontrako greba bertan behera uzteko aukerak baztertzen dituela esan zuen atzo Philippe Martinez CGT sindikatuko idazkari nagusiak. Are gehiago, herritarrei protestari atxikitzeko dei egin zien.

Estatuko bi sindikatu handienetako baten ordezkari nagusia denak Emmanuel Macron presidente frantsesak urte bukaerako diskurtsoan esandako hitzak ekarri zituen gogora, eta asmo onez harago estatuburuak ezer berririk planteatu ez izana gaitzetsi zuen.

Proiektua baztertzea eskatu zion Macroni, negoziazioa zabaltzeko aurretiko urrats gisa, nahiko zaila bada ere, presidenteak orain arte erakutsitako jarrera ikusita.

«Erreforma proiektu hau geldi dadila, baztertzea, eta egungo sistema hobetzeko serio lan egitea eskatzen dugu», adierazi zuen Martinezek BFMTV telebista frantsesean emandako elkarrizketan.

Orain arte batez ere garraio publikoan eragina izan duen greba gaurtik aurrera berrindartzearen alde azaldu zen Martinez. «Astelehenetik aurrera asanblea orokorrak egitera eta mobilizazioaz eztabaidatzera deitzen dugu (…) leku guztietan behar dira grebak, sektore publikoan eta pribatuan», esan zuen sindikatuko ordezkariak.

Aurre egitera deia

Estatuko zortzi petrolio findegiak gelditzea da sindikatuaren helburuetako bat. Martinezek ukatu egin zuen lan egin nahi duten herritarrei hori eragoztea denik bere helburua. «Mobilizatzera, manifestazioetan parte hartzera eta greba egitera (...) deitzen ditugu frantses guztiak; errepublikako presidente hantusteari, dena ondo dagoela uste duenari, aurre egitera», nabarmendu zuen.

Emmanuel Macron presidentearen lan erreformari protestaldiekin erantzuten ari dira sindikatuak. Izan ere, erreforma horrek hainbat sektoretan erregimen berezien indargabetzea ekarriko du –adibidez, trenbideetako sektorea– eta urte gehiagoan lan egitera behartzen du pentsio osoa lortzeko, hain zuzen ere, 64 urte bete arte.

Protestaldiak abenduaren 5ean hasi ziren, orduan hasi baitzen garraioa neurri handi batean gelditu duen greba orokor mugagabea.

Pasa den asteartean, bere urte bukaerako diskurtsoan pentsioen erreforma bukaera arte eramango duela adierazi zuen Emmanuel Macronek. Era berean, «akordio azkar» batera heltzera dei egin zien Edouard Philippe lehen ministroaren gobernuari eta eragile sozialei.

Kaleak astindu dituen proiektua defendatu zuen Macronek, guztiontzat «pentsio duinak» bermatuko lituzkeela esanez.