19/01/2020

Reportaje
AHOLAB
HITZ EGITEKO GAITASUNA GALDU DUTENENTZAKO AHOTS BANKUA

EHUko Aholab laborategia eta Biocruces gaitzen bat dela eta hitz egiteko gaitasuna galdu edo galduko duten pertsonentzako ahots banku bat sortzen ari dira. Aplikazio baten bitartez, idatzitako testua ahots pertsonalizatu batekin erreproduzituko da.

Asier ROBLES
0119_eg_aholab1

Gaitzen bat dela-eta, AEA (alboko esklerosi amiotrofikoa) edo eztarriko minbizia adibidez, hitz egiteko gaitasuna galtzen duten pertsonak idatziz edo ahots sintetiko baten bidez komunikatu behar dira. Baina Inma Hernaez EHUko Aholab laborategiko kideak dioenez, «askotan, ahots artifizial horiek erabiltzen dituzten pertsonek ahots berbera erabiltzen dute, eta gainera norbere izaerarekin bat ez datorren ahots bat da».

Horregatik, ahots pertsonalizatuak eskainiko dituen ahots banku bat sortzen ari dira Aholab eta Biocruces osasun ikerketa institutua Restore ekimenean. Aplikazio baten bidez, aurretik grabatutako ahots pertsonalizatu batekin adierazi ahalko dute erabiltzaileek beraiek nahi dutena, mugikorrean idatziz.

Bereziki, ahotsa oraindik galdu ez dutenei zuzenduta dago; horrela, etorkizunean, beren ahots propioa erabili ahal izango dute. Baina hitz egiteko gaitasuna jada galdu dutenei ahots desberdin asko eskaintzea ere badu helburutzat; hitz egin ezin duen pertsonak bere izaerari gehien gerturatzen zaion ahotsa aukeratu ahal izan dezan.

Laborategiko jardunean ahotsaren sintesia betidanik egon arren, 2011. urtean hasi ziren proiektu honekin. «Teknologia aldaketa handia egon zen, eta ikusi genuen teknologia horrek sintesi sistema android sistema eragilean egotea ahalbidetzen zuela. Teknologia aurrerapenak erabiltzaile arruntei heltzea nahi izan dugu», azaldu du Hernaezek.

Aholabeko kideak dioenez, lehen, ahots pertsonalizatuak sortzeko «pila bat» orduko grabaketak behar ziren, baina EHUko laborategiaren teknologia berriak grabaketa denbora gutxirekin ahots pertsonalizatuak sortzea ahalbidetzen du.

Proiektu honetan parte hartzeko AhoMyTTS webgunean izena eman behar da, posta elektroniko pertsonala erabiliz. Behin formularioa beteta, posta elektronikoaren bidez jasoko da sarbide pasahitza. Behin hori eginda, mikrofonoa daukan ordenagailu batekin edo sakelakoarekin ahotsa grabatzen hasi ahal da. 100 esaldi grabatu behar dira, eta ondoren norberaren ahots sintetikoa prest egongo da. Grabaketak 45 minutu inguru hartuko ditu, baina egun desberdinetan egin ahal da.

Aplikazioa

AhoMyTTS aplikazioaren bidez erabili ahal izango da. Behin app hori gailu mugikorrean instalatuta, teklatuarekin idatzitako testuak zuk aukeratutako ahotsa erabiliz erreproduzituko ditu aplikazioak. Aplikazioa deskargatzeko moduan dago jada, baina oraindik ahots estandar bat bakarrik erabili ahal da; etorkizunean hainbat ahots, norberarena barne, erabili ahal izango dira. Android zein iOS eta Windows sistema eragileetan erabili ahal da, baina azken bietan ezin da automatikoki deskargatu, eta Aholabeko kideekin kontaktuan jarriz egin behar da.

Webgunean zein laborategian ahotsa sei hizkuntzatan grabatzeko aukera dagoen arren, ahots sintetikoak sortzeko sistema eta aplikazioa bera euskaraz eta gaztelaniaz baino ez daude prest oraingoz.

Webgunearen kolapsoa

Gabonak baino lehen hasi zen ahotsak jasotzeko kanpaina, eta egun gutxian ahotsa eman nahi zuen pertsona kopurua ugarituz eta ugarituz joan zen, webgunea kolapsatu arte. «Jendearen jarrera izugarria izan zen, elkartasun handia erakutsi zuten». Kolapsoaren ondotik, ekarpen atala geldiarazi zuen Aholabek, baina urtarrilaren amaierarako berriz martxan egotea espero du Hernaezek.

Etorkizunean, Aholabek enpresa bati transferituko dio zerbitzu hau. «Hasiera batean ez genuen hainbeste jende espero, baina hala ere horrelako zerbitzu bat modu egokian eramateko enpresa bat egon beharko da», aitortu du Hernaezek. Hala ere, Aholabek ikerketa prozesua egiten jarraituko du, «sistema gero eta hobeagoa eginez».