Idoia ERASO

BUHAME «BERRITUEKIN» ABIATUKO DIRA BIHAR MASKARADAK ALTZüRüKüN

Bihar abiatuko da maskaraden denboraldia Altzürükün. Apiril bukaerara arte, herriko gazteek hamabi emanaldi eskainiko dituzte eta, ohiturari jarraiki, lehena eta azkena herrian izanen dira. Iaz Urdiñarbeko maskaradako buhameen inguruan izan zen arrazakeriaren gaineko polemikaren ondoren, aurten pertsonaiak obran atxikitzea baina peredikuak moldatzea deliberatu dute altzürükütar gazteek.

Joan den urteko polemikaren ondoren, altzürükütarrek buhame edo ijitoen pertsonaia atxikitzea deliberatu badute ere, peredikua aldatu dute. Zenbait forma moldatu dituzte, eta pertsonaien xedeak barre eragitea izaten segitzen badu ere, ohiko dituzten gai eta manerak beste batzuengatik trukatu dituzte.

Aurtengo maskaradan Pitxuren rola eginen duen Ximun Eppherrek horrela azaldu du moldaketa: «Aldatu dugu amiñi bat, ez diogu minik egin nahi inori ere. Gero historian beti izan dira buhameak, beti maskaradan izan dira, ez genituen ilki nahi; saiatu gara irri eginarazten buhameen gainean sobera gaizki erran gabe».

Nicole Lougarotek urteetan egin duen buhameen pertsonaiaren antzezpenaren aurkako salaketak oihartzun berezia izan zuen iaz. Eta Urdiñarbeko gazteei gaiaren inguruan mintzaldi bat eman bazien ere, ez zen aldaketarik izan. Ondoren, Lougarotek salaketa ezarri zuen, eta maskaradako kide batzuk jendarmerian izan ziren, baina aferak ez zuen jarraipenik izan. Hala ere, Pitxuk argiki erran du: «Urrun izan zen poliziarekin kontua, eta ez dugu hori nahi, egiten dugu jostatzeko».

Hori dela eta “Les Bohémiens” liburuko idazlearekin mintzatu dira aurtengo maskaradako kideak: «Nicole Lougarotek erran zuen posible zuela begiratzea, eta proposatu zuen ideia eli bat, nola egiten ahal genuen, zernahi ez errateko buhameen gainean. Saiatu gara hori begiratzen, baina argi utziz beti maskaradan izan direla eta ezin direla ilkitzen ahal. Ez zen aise kontentatzen, baina saiatu gara».

Iaz Urdiñarbeko idazleetako bat izan zen Jean-Jacques Etxeberrik ibilbide luzea dauka maskaradak izkiriatzen, eta joan den urtean egungo errealitateari egokitzeko egin daitezkeen aldaketekin bat egiten zuela adierazi zuen GARAri egindako adierazpenetan: «Maskaradan heldu diren urteetan beharko dute gauza andana bat aldatu. Sinbolika atxikiz kauterak langile xumeak izaten ahal dira. Eramaile edo herri bakoitzak hartuko duelarik segida, ahal du amiñi bat ekarri, aberastasuna horretan izaten da. Berritasunak baldin badira, ez dira denen gustukoak izanen, baina aitzina izan dadila».

Hala ere, azpimarratu zuen ez zela nahita egina buhameei buruz imajina ezkor bat ematea: «Nire ustez, buhameen kontu hori ez da espres urtero eramana den trufa bat; nire aburuz, bidean hartu dugun tradizio bat da, aitzinarazi ez duguna».

Eppherrek bat egin du Etxeberrik errandakoarekin: «Nik ere hori uste dut, Nicole interesatu da buhameen historiaz eta erraten duelarik arrazista izaten ahal dela, ez naiz zenbait aldaketa egitearen kontra». Moldaketa horiek egiten saiatu direla argi utzi du gazteak, baina «ez dakit aski egin ditugun, igandean ikusi beharko da», baieztatu du.

Euskararen garrantzia

«Üskaraz» egiten da maskarada, baina gazteen artean hizkuntzaren ezagutza murritza da orokorrean. Horrek arazoak sortu izan ditu zenbait herritan, eta horren karietara ikastaroak antolatu izan dira gazteak euskalduntzeko. Horren erakusgarri izan zen 2012ko maskarada, Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohiek antolatu behar izan zutena, herririk ez baitzen aurkeztu urte horretako Zuberoako inauteria egiteko.

Aurten, aldiz, horrelako arazorik ez dela izan baieztatu du altzürükütarrak: «Kargu printzipaletarako aski jende bagenuen euskara ematen; gero badira kargu batzuk non ez diren erraz ari, eta badira batzuk ez dutenak euskararik ematen. Badira batzuk ere euskara badakitenak, baina ez dira ausartzen kargu printzipaletan».

Familia da hizkuntza ikasteko gune nagusia: «Gehienek etxean ematen dugu, guk etxean beti aita eta amarekin euskaraz aritzen gara». Hala ere, herriko eskola publikoa elebiduna denez, haurrak euskaraz ari direla baieztatu du. Eta gaineratu du: «Zuberera dugu ematen eskolan».

Hamabi dira Zuberoan zehar egingo dituzten emanaldiak. Aitzinekoa Altzürükün izanen da bihar: ondotik, 16an Irurin, 23an Ezpeize-Ündüreinen, eta 29an Gameren. Martxoaren 7an Idauze-Mendin, 14an Maule-Lextarren, 21ean Urdatx-Santa Grazin, eta 28an Aloze eta Atharratzen izanen da, apirilean Larrainen eginen da 5ean, 12an Barkoxen, 19an Muskildin eta 26an, bukatzeko, Urdiñarbe-Altzürükü artean dagoen Garaibi auzoan.

Goizean barrikadak eginen dira; lehena 9.00-9.30ean izanen da Altzürüküko sartzean; ondoren, beste seiak eginen dira, eguerdian plazan bukatzeko. Orduan apairua izanen da eskolan, baina dagoeneko ez da tokirik gelditzen. 15.30ean abiatuko da maskarada, eta behin bukatu ondoren besta izanen da herrian. Jakin-mina eta gogoa bada aurtengo maskarada deskubritzeko eta jende anitz izatea espero dutela azpimarratu du Pitxuk.

Orotara 50 bat gazte ariko dira heldu diren bi hilabeteetan Zuberoan zehar, dantzatzen, kantatzen eta antzezten. Hamar dantzari, hamasei izanen dira beltzerian eta hamabost gorrietan. Azkenik, hamar bat haur izanen dira.