EDITORIALA
EDITORIALA

Tentuz jokatu, eta sinesgarritasunik ez galdu

Osakidetza lau egun berandutu zen koronabirusaren sintomak zituen bere langile bati probak egiten. Alegia, langileak bere arduradunei gaixotasuna izan zezakeela esan zienetik probak egin zizkioten arte lau egun igaro ziren. Azkenean, langileari gaixotasuna atzeman zioten eta, ondorioz, koarentenan dago. Atzo salatu zuen ELA sindikatuak kasua. Osakidetzak ez du erantzun eta ez du gertatu dena argitu. Gutxienez, argi dago protokoloek ez dutela behar bezala funtzionatu. Edonondik begiratuta, gaitz honen kutsakortasuna eta honen kontrola hain garrantzitsuak diren uneotan, ezin da halako akatsik onartu.

Orrialde hauetan esan dugunez, gai honi buruz tentuz aritzea komeni da. Alegia, ez da alarmismorako unea eta kontu handiz landu behar dira berriak, egiazkoak ez diren istorioak zabaldu nahi ez badira. Izan ere, jendartean beldurrak paper erabakigarria du honelako kasuetan. Beldurrak bezala baina kontrako muturrean, erakundeen sinesgarritasunak ere garrantzi handia du. Iaz hautaketa- probetan azaleratu ziren irregulartasunak direla medio, Osakidetzaren sinesgarritasuna kaltetua dago honezkero. Horrexegatik, koronabirusa atzeman duten kasu honetan zer gertatu den argitu behar da. Protokoloak ondo azaldu behar dira eta, zerbaitetan zuzen jokatu ez bada, azalpenak eman behar dira. Uneotan administrazioari eska dakiokeen gutxieneko gauza da hori.

Euskal jendarteak fede handia du Osakidetza, Osasunbidea eta Ipar Euskal Herriko Osasun sistemak osatzen dituzten langileengan. Egunero frogatzen dituzte beren profesionaltasuna eta medikuntza-gaitasuna, baita beren gizatasuna ere. Milaka langilek kontsultetan, probetan, ebakuntzetan… jendartearen osasuna zaintzeko egiten duten lan eskerga ezaguna da. Horrexegatik, koronabirusaren krisi hau bezalako uneetan, sinesgarritasun hori babestu beharra dago. Sekula ez, baina bereziki hau, ez da arduragabekeriak onartzeko unea.