GARA
HERNANI

Hernaniko kooperatiba batek hilean 10 milioi maskara ekoiztuko ditu

Hernanin egoitza duen Bexen Medical kooperatiba gipuzkoarrak Gobernu espainolarentzat hilean 10 milioi maskara kirurgiko ekoiztea aurreikusten du. Lan horri esker Estatuko maskara fabrikarik handiena bilakatuko da aurrerantzean.

“Tu Lankide” taldearen aldizkariak argitara eman duenez, Mondragon Korporazioko beste kooperatiba bat, Mondragon Assembly, arduratuko da, gainera, maskarak ekoizteko makinak fabrikatzeaz.

Iturri berberak zabaldu duenez, duela egun batzuk Bexen Medical-eko eta Mondragon Assemblyko zuzendari nagusiek, Carlos Arsuagak eta Luis Mari Imazek, hurrenez hurren, Medikamentuen Espainiako Agentziako zuzendariaren deia jaso zuten, oso proposamen argiarekin: «Ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta maskara kirurgiko gehien ekoiztea».

Enkargua jaso orduko bi kooperatibek lanari ekin zioten: Bexen Medicalek maskarak ekoizteari eta Mondragon Assemblyk produktu hori fabrikatzeko gai diren makinak sortzeari. Astebete geroago, proiektua martxan da jada, eta apirilaren amaierarako 10 milioi maskara kirurgiko ekoiztea dute helburu.

Arsuagak onartu duenez, zaila gertatzen ari zaie maskarak sortzeko materialak lortzea. «Errusian hornitzaileak daude, baina bertako gobernuak ez du lehengaiak herrialdetik irteten uzten beraiek erabili ahalko dituztelako. Turkian eta Txinan ere badaude hornitzaileak, baina lanez gainezka daude», azaldu du.

Hogei lanpostu berri

Bexen Medicalentzat horretarako inbertsioa eta enplegua sortzea «esanguratsua» izango dela onartu dute. Behin lan ekoizpena egonkortuta, hiru makinarekin lanean arituz ahalik eta maskara gehien ekoitziko dituzte. Horretarako, hiru edo lau txandatan arituko dira langileak, eta posible izateko hogei langile berri beharko dituzte.

Bexen Medical sortzen ari den maskarak 2R motakoak dira. Hiru geruza dituzte eta babesik handiena eskaintzen dutenak dira. Enpresa honek 42 urte baino gehiago daramatza sektorean lanean. Erabilera bakarreko medikuntzako hainbat produktu sortu ohi ditu, baina ez maskara kirurgikoak.