Amaia EREÑAGA
BERROGEIALDIRAKO IKUS-ENTZUNEZKOAK

Amets eta Ibrahimen elkartzea

Pelikula batean azalduko gara edo?», bota diote txantxetarako gogoz Amets Arzallusi, Ibrahima Balde mekanika ikasten ari den Madrilgo lantokira kamerarekin azaldu denean. «Bai, Hollywoodeko batean», ironiaz, lotsatu antzean, erantzun Arzalluzek. Hau ez da Hollywoodeko film bat, ezta beharrik ere, benetakotasuna baitu ardatz. “Miñan” (Susa, 2019) argitaratu eta hiru hilabetera, Amets Arzallusek Ibrahima Balderi Madrilen egindako bisita bat du oinarri Azpeitiko Dinamo sormen guneko DAPA kanalaren ikus-entzunezko honek. Hunkigarria da oso idazlearen eta bere liburuaren protagonistaren arteko elkarretaratze horren lekuko izatea. Liburua irakurri ez baduzue, irakurtzeko gogoa piztuko zaizue; eta dagoeneko irakurria baduzue, berriz ere Ibrahima Balderekin topo egiteko aukera duzue; zertan dabilen, non bizi den jakin... Migrante izatearen zailtasunek hor diraute. Gauzak inoiz ez ditu erraz izan.

Gineako Konakryn jaiotako Ibrahima Balde gaztea kamioi gidari izateko aprendiz ibili zen hiru edo lau urtez. Egun batean amak deitu zion arte: anaia txikia falta zen etxean eta haren bila abiatzeko eskatu zion.

Basamortua gurutzatuz, Afrikatik Europaranzko bide gogor, beldurgarri eta mingarria, egin zuen. Irunera iritsi zen eta, bertako Harrera Sarearen bidez, Amets Arzallus ezagutu zuen. Ibrahimak bere bidaia kontatu zion, eta Ametsek idatziz jaso. Eta horrela sortu zen “Miñan”. Ibrahimek motxilan eramaten du beti, bere historiaren lekukotza jasotzen baitu euskaraz idatzitako liburu aparta honek, orain, ikus-entzunezko batekin osatuak.