Haritz LARRAÑAGA

Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz ez dira udaberrian egingo

Ikastolen Elkarteak eta Seaskak atzo jakinarazi zutenez, Herri Urrats, Araba Euskaraz eta Ibilaldia ez dira udaberrian egingo, «baina ez dira bertan behera geratuko». Senpereko aintziran egiten den jaia, esaterako, udazken hastapenean egingo dutela iragarri zuten, data zehatza oraindik finkatzeke dagoen arren.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak erabakia «saminez hartu» dutela aitortu zuen bideokonferentzia bidez eskainitako prentsaurrekoan baina, bere esanetan, «ez zegoen beste irtenbiderik». Ikastolen alde udaberrian egiten diren festa nagusiak egiteko dena prest zuten arren, osasun arrazoiak lehenetsi ditu Ikastolen Elkarteak. «Uneotan beste lehentasun handi batzuk ditugu, gizateria eta gizarte mailakoak, eta larrialdi egoera global hau amaitu bitartean, ezingo dugu ospakizunik egin, are gutxiago ikastolen jaien tamainakorik».

Jaiok atzeratzeak suposatzen duen erronka mahai gainean jarri zuen Tellituk, udazkenean ere antzeko beste bi jai antolatzen baitira, Nafarroa oinez eta Kilometroak. Edonola ere, taldean hartuko dituzten erabakien berri albait azkarren emango dutela iragarri zuen.

Herri Urrats, udazkenean

Beñat Bidegain Herri Urratseko lehendakariak 37. edizioa maiatzean ez egiteko erabakia beren kabuz hartu dutela azpimarratu zuen, orain arte ez baitie inork ekimena egitea galarazi. Aldiz, Bidegainen hitzetan, «maiatzaren 10erako konfinamendua amaituko balitz ere, ez genuke Herri Urrats egingo, zeren osasun ikuspegitik ez litzateke zentzuzko jarrera izango».

Hala ere, 1984tik beti maiatzean egin izan den jaia lehen aldiz beste hilabete batean egingo dutela jakinarazi zuen, udazken hastapenean, hain zuzen. Hortaz, aurtengo edizioan emankizuna eskaini behar zuten 40 musikari, dantza talde eta haurrentzako animatzaileei eskerrak eman zizkien, «erabakia konprenitu baitute».

Diabolo Kiwi taldearen aurtengo abestia eta bideoklipa eginak dauden arren, data berria zehazten denean argitaratuko dutela baieztatu zuen Ihintza Bidart koordinatzaileak, eta hautatutako lema nagusiak indarrean jarraitzen duela gomutarazi zuen. Alegia, Senpereko herritarrek «bagoaz» esateko erabiltzen duten esamoldea: «Gaki ke!». Beraz, «bideoklipa ere prest da, data berria jakitean lau haizeetara zabalduko dugu; orduan, bai, ‘gaki ke!’ esan ahal izango dugu», aldarrikatu zuen Bidartek.

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak, berriz, Herri Urratsen biltzen den dirua ezinbestekoa dutela onartu zuen. Bere hitzetan, «Herri Urrats egitea ez da hautu bat, behar bat baizik».