Chileno Grande, altxor ezezaguna Patagoniako erdigunean
Joan den martxoan, Silvia Vidalek 1.200 metroko hormatzarraren mendebaldeko aurpegian lehendabiziko bidea sortu zuen. «Sincronia magica» (A3+/6a+) zabaltzeko 33 egun behar izan zituen. Talde frantziar batek, berriz, ezin izan du marra berri bat ireki.
Patagonia mediatikoaz gain, bada beste “mundu” bat ere. Bederen, horrela azaldu nahi izan dute Etienne Tafaryk, Enzo Oddok, Felipe Andradek eta Mattias Larrain del Santek. El Chalteneko zein Paineko Dorreen inguruko hormatzar ezagunak alde batera utzita, duela bost urte Txileko Aysen eskualdean dauden murru batzuk esploratzera joatea erabaki zuten.
Zalantzarik gabe, bidaiak emaitza arras erakargarria utzi zuen. Beste era batera esanda, altxor berezi baten “jabe” egin ziren. Esplorazio horretan Cerro Chileno Grande paretara hurbiltzeko aukera izan zuten. Aurrez aurre 1.200 metroko “jolasleku” paregabea. Ukitu gabea.
Altxorra ikusi, bai, baina hura dastatzeko betarik ez zuten izan: izan ere, denbora gutxi eta bitarteko eskasak zituzten oso zaila zirudien pareta bati ekiteko. Esplorazioaren emaitza ikusita, duela pare bat hilabete Tafary berriro itzuli zen. Bigarren bidaia horretan honako sokakideok zituen: Antoine Eydoux, Etienne Grosclaude eta Jean-Pierre Lallement.
Laukote frantziarrak hilabete bat egin zuen alderdi horretan. Helburura hurbiltzeko gorabehera asko igaro behar izan zituzten, besteak beste, bisitarik ez duen inguru bat delako. 150 kilometroko hurbilketako bidea aurrez aurre, eta zama guztia bizkar gainean.
Hurbilketa lana egin eta gero, taldea mendebaldeko aurpegira abiatu zen. Hain zuzen ere, Cerro Chileno Grandek duen horma erakargarriena. Protagonistok adierazi dutenez, kilometro bat luze den murruak bi zati ezberdin ditu. Beheko sekzioek landare asko duten bitartean, goiko aldean kalitate handiko eskaladaz goza daiteke.
Frantziarrak paretan sartu ziren, eta bide berri bat zabaltzen ere saiatu ziren. Saiatu zirela esan dugu, astebeteko lanaren ondoren xedea bertan behera utzi behar izan zutelako. Horren errua eguraldi euritsuak izan zuen.
Astebete horretan egin zuten lanaren inguruan, espedizioko eskalatzaileek honako hau adierazi dute: «Lehendabiziko ehunka metroak oso nekagarriak izan ziren. Arrokak landare asko zituen, eta horrek eskalada artifizialean (A2/A3) egitera behartu gintuen. Jakina, horrek guztiak gure progresioa mantsotu zuen. Eskaladaren bosgarren egunean, berriz, murruak beste itxura bat azaldu zigun. Harkaitza askoz ere garbiago zegoen, eta eskaladarekin gehiago gozatzeko aukera izan genuen. Aurrean genituen zailtasun teknikoak nahiko gogorrak ziren, baina eguraldia lagun genuen eta horrek animoak indartu zituen. Murrua oso tente jarri zen; alabaina, neurria hartu genion. Eskaladaren seigarren egunean, eguraldia aldatu egin zen. Euriak bisita egin zigun. Euria goitik behera. Ur-jauzi bat sortu zen, eta geure hamakak blai eginda geratu ziren; ez ziren iragazgaitzak. Gau osoan euria egiten jarraitu zuen. Biharamunean, eguraldia ez zen aldatu. Eta, gainera, iragarpenek zioten hurrengo hamabostaldia oso txarra izango zela. Egoera ikusita, erabaki garrantzitsua hartu behar genuen, espedizioko garrantzitsuena zalantzarik gabe: hala moduz eskalarekin jarraitu ala egitasmoa bertan behera utzi. Geure segurtasunarengatik bigarrena aukeratu genuen. Zaila izan zen erabaki hori hartzea, baina asmatu egin genuen, hurrengo zortzi egunetan euria egin zuelako».
«Sincronia magica»
Bide berri bat zabaltzeko helburua, beraz, zintzilik geratu zaie frantziarrei. Helburua biribiltzea merezi zutela argi dago, batez ere, pareta erraldoia esploratzen lehenak izan direlako. Baina ohore hori “kendu” diena Silvia Vidal izan da.
Eta hori diogu eskalatzaile katalana gai izan delako Cerro Chileno Granderen mendebaldeko aurpegian lehen marra sortzeko. “Sincronia magica” deitu dio. Bakarka eta erabat isolatuta aritu da. Hots, inguruan ez zuen inor izan. Une jakin batean frantziarrekin gurutzatu zen, baina, esan dugun bezala, jarduera osoa bakarrik egin zuen.
Hori da protagonista honen DNA: bakar-bakarrik eta inolako komunikaziorik gabe aritzea. Hots, ez irratirik, ez telefonorik, ezta GPSrik ere. Eta horrela egon zen hilabete eta erdi. Hain zuen ere, izaera horretako jardueren inguruan hitzaldiak ematen ditu (www.vidalsilvia.com).
Vidalek urrutiko lekuak gustuko ditu. Eta ukitu gabe baldin badaude, bada askoz ere hobeto. Gogoratu behar dugu duela zortzi urte Aysen haranaren ingurumarian bertan egon zela; iparralderago, hain zuzen ere. Bakarkako espedizio hartan Avalancha izeneko mendilerroan jardun zuen. Estilo berean “Espiadimonis” (A4/6b, 1.300 m) zabaldu zuen. 32 eguneko lana izan zen.
Otsailaren 7tik martxoaren 10era, berriz, antzeko jarduera egin zuen, baina beste hormatzar batean. 33 egun murru horretan zintzilikatuta; hau da, kapsula estiloan.
Denera, hiru kanpaleku atondu zituen: «Lehen 180 metroak finkatu ondoren, pareta horretan 33 egun igaro nituen. ‘Sincronia magica’ sortu nuen, 1.180 metroko ibilbidea duena. Ondoren, beste 30 minutu gora egin nuen. Eskalada hori oso erraza zen. Amaiera, orratz batean egin nuen. Ez zen gailur nagusia».
Frantziarrek bezala, katalanak ere “zamaketari” lanak egin behar izan zituen. Hamasei egun aurrera eta atzera ibili zen, eskaladarako behar zuen tresneria eta elikagai guztiak garraiatzeko: «Hurbilketa bidean glaziar, baso zein morrena bana zeharkatu nituen. Sei petate eraman nituen orotara, bakoitza 25 kilokoa. Inguru horretan lanean diharduten Andrea, Marco eta Manuk laguntza eskaini zidaten egun batean. Asko eskertu nien. Beste bidaia denak bakarrik egin nituen. 150 kilometroko joan-etorria».
Paretaren ezaugarriei dagokienez, arestian aipatu dugu bi zati ezberdin dituela. Eta gai horren inguruan, eskalatzaile katalanak honakoa gehitu nahi izan du: «Hormatzarra itzela eta bertikala da. Lehen 330 metroak tenteak dira, landaretza askokoak. Onartzen dut sekzio horretan eskaladarekin ez dela disfrutatzen. Eta, gainera, ez dakit eskalatu nituen metro horiei ze zailtasun eman. Nik ‘Sastraka Trakzioa’ deitu diot. Oso tenteak ziren artesietatik igotzeko, den-denak landare askokoak, kranpoiak eta piolet bat erabili nituen. Bide batez, aipatu behar dut neure burua babesteko komeriak izan nituela. Beste 850 metroak, aldiz, ez dira hain nahasiak. Artesiak, plakak, offwidth-ak, tximiniak... aurkitu nituen. Plaketan goroldioa zegoen, eta, bustita zeudenean, irrist egiten nuen».
Horretaz guztiaz gain, Vidalek dio horma progresiorako oso zaila dela, besteak beste, handik mugitzeko makina bat maniobra egin behar izan zituelako: «Artesiak eta plakak lotzeko sabaiak, zeharkaldiak eta penduluak egin nituen».
“Sincronia magica” biribildu ostean, beste lau egun igaro zituen rappelatzen. Antza denez, eguraldiarekin frantziarrek baino zorte gehiago izan zuen: «33 egunetatik erdietan euria egin zuen; eskuarki gehiago egiten du. Bi denborale izan nituen: euri asko eta haize indartsua».