Floren Aoiz
@elomendia
JOPUNTUA

Turismistanetik Volkswagenlandiara

Argigarria iruditu zaitzadan, egia esan, Gobernu espainolak iragarri zuen deskonfinamendu estrategiaren tenporalitatea. Zalantzak eta ziurgabetasuna aitortuta ere, uztailerako beste fase batean egoteko helburua argi utzi nahi izan zuten, eta borondate honek mezu gardena adierazten duelakoan nago. Ez gaude kapitalismoaren makinazio gaizto eta kalkulatuaren aitzin, baina aspaldi ikasi dugu kapitalismoa, batez ere neoliberalismoa, eliteengan dirua eta boterea metatzeko konspirazio erraldoia dela, dena negozio eta behekoen kontrol eta desjabetzerako aukera bilakatzen duena. Ez da mesfidantza handirik izan behar Gobernuaren estrategian turismoaren inguruko ekonomiaren itzala hautemateko. EAEn industria eta hainbat sektore ekonomikoekin EAJk egin duen moduan, Espainiako Erresuman elite politikoek turismoaren ekonomiarekin duten lotura agerikoa da.

Afera, edonola ere, korapilatsua da, turismoak espainiar ekonomian duen garrantzia aintzat hartuta ulergarria baita sektorearen berraktibazioari erreparatzea. Azkenean, milaka eta milaka lagunen diru iturria dago kolokan, ekonomia horrela eraiki delako. Eta hortxe dago arazoa, hain zuzen: ereduak ekarri du mendekotasun hau, baina eredua aldatzen ez den bitartean, egoerari erantzun behar zaio. Bestela esanik, menpekotasun hau salatzea, ezinbestekoa izanik ere, ez da aski egoera aldatzeko, egiturazko afera delako.

Bukatu ez bada ere, dagoeneko ondorio ezberdinak ateratzen ahal ditugu pandemia honetatik. Horietako bat hainbat eredu ekonomikoren prekaritatea da. Beste leku batzuetan turismoaren jaitsieraren beldur dira, hortxe baitago ekonomiaren motor nagusia, baina Euskal Herrian ere sektore horren menpe gaude, gero eta gehiago, eta Nafarroan antzeko zerbait gertatzen zaigu automozioarekin. Beste eredu batzuk behar ditugu, bai, lehenbailehen behar ere, mendekotasun hauek ahultzen gaituztelako, gure etorkizuna gure eskuetatik urrunduz.