B.Z.
DONOSTIA

Maskara derrigorrezkoa izanen da garraio publikoan

Gobernu espainolak pauso bat gehiago eman zuen atzo maskaren erabileraren inguruan. Ostegunean, Salvador Illa Osasun ministroak esan zuen «oso gomendagarriak» direla garraio publikoa erabiltzen dutenentzat. Atzo, ordea, Pedro Sanchez presidentea urrunago joan zen, eta bihartik aurrera erabilera hori «derrigorrezkoa» izanen dela iragarri zuen.

Agindua betetzen dela bermatzeko, astelehenean geltokietan sei milioi maskara berri banatuko dituztela esan zuen. Beste zazpi milioi, udal txikiagoei emanen zaizkie, beraiek banatu ditzaten; eta azkenik, beste 1,5 milioi maskara Caritas, Gurutze Gorria eta gisako elkarteen artean banatuko dituzte.

Derrigortasuna garraio publikora mugatzen da, hori bai, eta ez da beharrezkoa izanen dendetara edo beste leku batzuetara sartzeko, Europa eta Asiako beste herrialde batzuetan gertatzen den bezala. Sanchezek ez zuen argitu, gainera, etxean jositako maskarak onartuko diren edo ez garraio publikoan, adibidez Austrian gertatzen den bezala. Izan ere, zaila da oraindik farmazietan egun askotarako maskarak topatzea. Zehaztasunak gaurko Estatuko Aldizkari Ofizialean espero dira.

Osasunaren Mundu Erakundeak maskarei buruz itzulinguru dezente eman baditu ere, gero eta indartsuago ari dira zabaltzen erabileraren aldeko argudioak, Hego Korea, Taiwan, Veneto edo Austriako esperientziak oinarri hartuta. Nolanahi ere, atzo, deskonfinamenduaren lehenengo egun handian, oso gutxi izan ziren, proportzioan, Euskal Herriko kaleetan ikusi ziren maskarak.

EAEn, garraio publikoan maskaren derrigortasuna Arantza Tapia Azpiegitura sailburuak proposatu zuen aste honetan bertan, ordura arte Lakuako ordezkariek agertutako iritzia irauliz. Gogoratu baino ez da egin behar Nekane Murga Osasun sailburuari ogorarazi ziotenean Sanchezek maskara eramaten zuela, honakoa erantzun zuen: «Koronabirusa izanen du».