GARA
TEHERAN

Rohanik su-etena eskatu du printzipalistek gehiengoa duten Irango Parlamentuan

Irango Parlamentu berriak legealdi berria ireki zuen atzo, muturreko printzipalistek otsailaren 21eko hauteskundeetan lortu zuten gehiengoarekin.

Horrela, bada, Hassan Rohani Irango presidenteak, elizgizon baina erreformazaleak, Gobernuaren eta ganberaren elkarlanerako deia egin zuen.

1979an sortu zen Islamiar Errepublikaren 11. legealdia pandemiaren itzalean eratu da. Koronabirusak gogor jo du hasieratik herrialdea eta ekonomia apurka-apurka suspertzen ari da, AEBen blokeoa dela-eta ahal den heinean. Atzoko saioan ere nabaria zen osasun krisiak ez duela oraindik hondoa jo Iranen eta diputatuen arteko aulkiak hutsik zeuden.

Izan ere, azken egunetan, konfinamenduaren leuntze prozesua dela eta, infekzio-iturri berriak atzeman dira Itsaso Beltzaren kostaldean.

Hildakoen (7.500) eta gaixotutakoen benetako zifrak Gobernuak eman dituenak baino askoz handiagoak direla uste duenik ere bada.

Hauteskundeak

Rohani lasai zegoen bere jarraitzaileek, «Omid» korrontekoek, gehiengoa zutenean. Hala ere, Zaindarien Kontseiluak ez zien hautagai askori hauteskundeetara aurkezten utzi.

Gainera, erreformazaleen jarraitzaile askok ez zuten bozkatu ere egin, Gobernuak ez duelako agindutakoa bete. Emaitza ofizialen arabera, parte hartzea %43ra ere ez zen iritsi.

AEBek Iranen aurkako zigor ekonomikoak berrezarri dituzte akordio nuklearra salatu ostean. Herrialdeak gutxienez bi herri-matxinada ezagutu ditu azken urteetan eta Errepublikaren legitimitatea kolokan dago, aspaldiko partez.