Urko Aierbe Sarasola
Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea
KOLABORAZIOA

Euskararen oasia ere erortzen hasia da

Euskal oasian bizi izan omen gara azken urteotan. Euskal lurraldeetako agintariek gobernantza eredu aurreratuenarekin kudeatzen zituzten instituzioak, inon parekorik ez zuen autogobernu zabalena geneukan, gure ekonomia lehiakorra zen, puntako zerbitzu publikoak genituen (osasun-zerbitzuak koroaren harribitxiak zirelarik). Baina hara zer eta paradisua zen euskal oasia bat-batean Zaldibarko maldetan behera jausten hasi zen.

Euskal oasia harri-kartoizkoa eta jostura ahulekoa zela, Zaldibarren zartatzen hasi eta birusaren krisiak guztiz biluztu du; ezustean apurtu baitira jostura horiek eta dekoratua jausten hasi. Horrela, gure autogobernu parekorik gabea dekretu sinple batekin estatuak zeharo mugatu du (Ipar Euskal Herrian hori ere ez dute behar izan). Estatuen arteko mugak desagertzen ari omen zirenean, berehala oroitarazi digute milimetrikoki ezarritako burdinazko hesien bitartez euskaldunak zein aldetara garen «frantses» eta zein aldetara garen «espainiar». Krisiaren premiei erantzuteko unea iritsi denean, puntakoak ziren zerbitzu publikoen ahulezia larriak agerian geratu dira. Edo arduradun instituzionalek kezkak benetan non dituzten ikusi ahal izan dugu, AHTren eraikuntzara ehunka milioi bideratu dituztenean, kulturgileei edo zerbitzu sozialei diru-apurrak bideratu dizkieten bitartean.

Bada, astinaldi horrek euskararen oasiaren zaurgarritasuna ere agerian utzi du. Horrela, konturatu gara milaka ikasleren euskararekiko harremana soilik ikastetxeen ordutegi arautuetan ematen dela eta salbamendu-txalupa hortik aterata erdaren ozeanoan murgiltzen direla; eta beste behin, herri ekimenetik egoera horri aurre egin behar izan zaio zaintza-sareen bitartez. Asmoz euskararen normalizaziorako sortu zen EITB, ondorenean gaztelerazko atalak gehitu zitzaizkionak ustez erdaldunak euskarara hurbiltzeko, inoiz baino ageriago geratu zaigu gaztelerazko telebista eta irratiaren bidez euskal herritarrak espainiar kulturan integratzeko tresna dela egiazki. Era berean, ETB 1 kate subalternoa izatera kondenatzeaz gain, gaztelera euskaldunon etxeetan are gehiago sartzeko leiho bilakatu dute arduradunek, zuzeneko premiazko adierazpenak gazteleraz emanez euskarazko katean.

Azken asteotan instituzio eta politikari askoren euskaldunokiko errespetu falta inoiz baino ageriago geratu da. Hitz-hartze osoak erdaraz eginez, batzuk asko jota «kaixo» eta «agur» hasieran eta amaieran «oparituz», besteak euskarazko esaldi ziztrin batzuk sartzeagatik euskaldunoi fabore egiten digutenaren jarrera erakutsiz. Euskaltzaleok euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan aldarrikatzen ari garen garaian, instituzioetatik «pixka bat es mucho» erantzuten zaigu. «Normaltasun berriak» hizkuntza-eskubide urraketa zaharrak dakarzkigu.

Ahalegin handiz euskarari ematea lortu zaion prestigioa leihotik behera botatzen ari dira ekinbide horiekin. Jakingai garrantzitsuak azaltzeko erdaren beharrezkotasuna transmititzen ari da, euskara osagarri izatera mugatuz. Gero ez galdetu zergatik euskaldunek ez duten euskara erabiltzen ezagutza handitu bada.

EHE aspaldi dabil aldarrikatzen euskararen normalizazioan jauzi egiteko beharra dagoela. Hori denen ahotan dagoen berreraikuntzan euskarari dagokion tokia ematetik etorriko da; eragileen planetan eta hizkuntza-praktiketan euskarak erdigunean egotetik soilik etorriko da. Euskara etorriko den hurrengo astinaldian guztiz hondoratuko den harri-kartoizko dekoratua izan ez dadin, euskararen oasiaren liluran bizi garelakoan.