Indi SAMARAJIVA
«Medium.com»

MONGOLIAREN ARRAKASTA

Urtarrilean, covid-19aren birusaren berri izan genuenean, Txinan zegoen gripe antzeko gaixotasun bat zela pentsatu genuen Europan. Babes neurriak martxan jarri zirenerako, jada berandu zen... Mongolia, berriz, arriskua ikusi eta azkar babestu zen.

Mongoliak primeran egin dio aurre covid-19ari; ez du hildakorik izan eta barne transmisiorik ere ez. Esan dezakegu izurriterik ere ez dela egon, baina ez da zorte hutsa izan. Urtarrilean osasun publikoko plan zorrotz bat ezarri zuten eta ordutik berdin mantendu dute. Hala ere, inork ez du Asiako herrialdea eredutzat hartu.

Egia da herrialdean ez dela jende asko bizi, eremu batzuetan oso biztanle gutxi dagoela, baina hiriak ere badaude. Ulan Bator hiriburuan 1,5 milioi pertsona bizi dira –Italiako Bergamok duen dentsitatearekin aldera daiteke– eta hor ere ez zen arazorik sortu.

Mapari begiratzen badiogu, urruti dagoen herrialdea dela irudituko zaigu, baina berez Pekinetik bi ordura dago hegazkinez eta trenbidez zein errepidez Txina zein Errusiarekin konektatuta dago.

Beraz, zergatik ez zen beste herrialde asko bezala kutsatu? Zergatik ezin dugu onartu ondo egin zutela, eta kito?

Urtarrila, babes neurri goiztiarrak

Egin dezagun salto urtarrilaren 23ra. Txinak Hubei probintzia itxi berri du; inoiz ezarri den osasun-hesirik handiena da. Zer esango zenieke gobernuburuei? Segur aski, mugak lehenbailehen ixteko, distantzia soziala ezartzeko eta osasun zentroak prestatzeko. Eta hori egin zuen, hain zuzen ere, Mongoliak. Hubein gertatzen ari zena ikusita, Txinarekin eta Osasunaren Mundu Erakundearekin koordinatu zen zer egin erabakitzeko. Beraz, sekretu bakarra azkar erreakzionatu zuela izan zen. Urtarrilean.

Lehenetarikoa izan zen bere mugetan kontrolak jartzen eta eskolak ixten. Ordurako gripea biztanleak gogor astintzen ari zen; batez ere, haurrak. Beraz, horiek babestea izan zen lehen pausoa. Jendeak itxieren berri aldez aurretik izan zuen eta horri esker ez zen kaosik izan. Gobernuak prebentzio neurri gisa eskuak garbitzeko eta maskarak erabiltzeko ere eskatu zien herritarrei.

Ekonomiak okerrera egin zuen eta, Mongolia esportazio ugari egiten dituen herrialdea izanik, alde horretatik kolpe handia jaso zuen, baina nahiago izan zuen herritarren osasuna zaindu eta, nahiz eta kasurik ez izan, milaka izango balituzte bezala jarraitu zuten itxialdiarekin.

Urtarril bukaeran, Wuhanen zeuden Mongoliako ikasleak etxeratzen hasi zen, jakinda birusa ekarriko zutela. Etxera itzultzen ziren pertsona guztiak berrogeialdian jarri zituzten. Era kontrolatuan egin zutenez, kasu guztiak gertutik jarraitu ahal izan zituzten eta barne transmisiorik ez egotea lortu zuten. Bitartean, gainerako herrialdeak oraindik begira zeuden, ezer egin gabe. Zenbat bizitza salbatuko genituzkeen, Mongolia bezala jokatu izan bagenu?

Otsailean zehar gobernuak kotoizko maskarak egiteko jarraibideak zabaldu zituen eta herrialde osoko jostunak lanean hasi ziren, gerora botiketan zabaltzeko. Era berean, babesteko bestelako materialak erosi zituen eta hiriburua garbitu zuen. Urteberriko ospakizunak ere bertan behera utzi zituen, nahiz eta Asian oso ekitaldi garrantzitsua izan. Herri batetik bestera mugitzea ere galarazi zuen, ziurtatzeko, nahiz eta jendea oso kontzientziatua zegoen.

Mongoliak kudeaketa arrakastatsua izan du, herrialdean bertan kasu bakar bat egon aurretik babes neurriak martxan jarri zituelako. Are gehiago, mugatik gertu –ez herrialdean bertan– kasu bat atzeman zutenean bere herritarrak maskara erabiltzera derrigortu zituen. Bere burua zaintzen zuen bitartean, Txinari laguntza bidaltzeko tartea ere aurkitu zuen, bere presidentearen bitartez. Itzuli zenean bere burua berrogeialdian jarri zuen.

Martxoa, lehen kasua

Martxoaren 10ean baieztatu zuen lehen kasua. Moskutik trenez zetorren frantses bat izan zen, eta bera zegoen auzo guztia berrogeialdian jarri zuten eta herrialdeko garraio publikoa geldiarazi zuten. Denda ugari itxi zituzten eta 9,2 milioi metro karratuko azalera desinfektatu zuten. Kasu bakar bat izatean eta prestatuta zeudenez, oso erraz egin zioten horri aurre.

Hala ere, adi jarraitzen dute Mongolian. Maiatzaren 7an erabateko itxialdi baten simulazioa egin zuten, egoera hori iritsiz gero zer egin behar duten jakiteko, datorrena datorrela prest egoteko. Hori dela eta, Mongolia eredugarria da guztiontzat. Arrisku handia izan du bere kokapena dela-eta, eta, hala ere, bere erantzuna (ia) perfektua izan da. Ez da erraza izan. Ekonomiak asko sufritu du eta aurretik herrialde aberatsa ez zela kontuan hartuta, kolpe handia izan da jendearentzat. Lau hilabetez alertan mantendu ostean herritarrak nekatuta daude, baina merezi izan du.