Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Tongako gazteak (I)

Thomas Hobbesek giza kondizioaz esan zuen gaiztoa eta basatia dela, eta aginte eredu gogor batek bakarrik kontrola ditzakeela bere instintu suntsitzaileak. William Goldingen “Lord of the Flies” (“Eulien ugazaba”, 1954) nobela Hobbesen ikuspegiarekin bat datorrela esan daiteke. Bertan azaltzen zaigun istorioaren arabera, beren itsasontzia hondoratu ostean mutil gazte talde batek uharte batean hainbat hilabete igaro behar ditu bere kabuz. Luze jo gabe, ordea, liskarrak sortzen dira beraien artean eta erreskatatzen dituztenerako mutiletatik hiru hilda daude, haietako bi taldeak berak asasinatuta.

Goldingek proposatzen digun egoeraren arabera, pertsonen artean lankidetza eta enpatia ezinezkoak dira gizarte kontrolik gabe: azken hori desagertzen denean, kaosa nagusitzen da eta gizakiek indarkeriara jotzen dute ezinbestez. Baina duela gutxi komunikabideetan agertu den historia batek “Lord of the Flies”-ek aurkezten duen egoerak bestelako garapena izan dezakeela frogatu du.

1960ko hamarkadan, hots, Goldingen nobela argitaratu eta urte batzuetara, Tongako sei nerabek Ata uhartean hamabost hilabete igaro zituzten erabat isolaturik, Fijira bidaiatzeko asmoz lapurtu zuten arrainontzi txikia hondoratu ostean. “Lord of the Flies”-eko pertsonaiak ez bezala, gazteak berehala ohartu ziren bizirik iraun nahi izanez gero elkarrekin lan egin beharko zutela. Eta hala egin zuten. Ardurak beren artean banatu zituzten, eta eztabaidak ahalik eta modu baketsuenean konpontzeko moduak bilatu zituzten.