Ibai AZPARREN
IRUÑEA

Hondakin sanitarioen «tsunami» batek klima larrialdia okertu lezake

Konfinamenduak zigortutako ingurumenari bake pixka bat eman dio, fauna eta flora askatu eta kutsadura murriztu du. Orain, ostera, beste arrisku batzuek mehatxatzen dute, hala nola maskarek, eskularruek eta erabili eta botatzeko beste material batzuek, «ingurumenaren krisia okertu dezaketenak», Kataluniako Unibertsitateko Urban Transformation and Global Change Laboratory taldeko ikertzaileek diotenez.

Greenpeacek ohartarazi duenez, covid-19arekin lotutako plastikoaren erabileraren gorakadak «itsasoek pairatzen dituzten mehatxuen zerrendarekin bat egin du»; izan ere, itsasoek urtean 8 eta 13 milioi tona hondakin plastiko inguru jasotzen dituzte eta, adibidez, lau gramoko pisua duen maskara kirurgiko batek 400 urte behar litzake desintegratzeko. «Lurrera bota ohi dira, eta ezin dugu ahaztu estoldetan barrena deskonposatu eta itsaso eta ibaietara irits daitezkeela», dio GKEk.

«Hondakin tsunami» bat eragin duen plastikoaren berpizkunde horren aurrean, Iruñeko Udalak gogorarazi zuen debekatuta dagoela bide publikora eskularru eta maskara sanitarioak botatzea, eta arau-hauste larria dela, 751 eta 1.500 euro arteko isunarekin zigortzen dena.

EAEn, Lakuako Gobernuko Ingurumen Sailak jakinarazi zuenez, covid-19aren ondorioz martxoaren erdialdetik sortutako hondakin sanitario kopurua %350-400 handitu da, iazkoarekin alderatuta. Esterilizazio-tratamendurako bi instalazio daude horrelako hondakinentzat, eta, horri esker, «irtenbidea arin ematen ari zaio izandako hondakin hazkundeari». Esterilizatu ondoren, horiek ez dira infekziosoak, eta, une horretatik aurrera, udal-hondakinen pareko hondakin gisa kudeatzen dira.

Zein edukiontzitara?

Iruñerriak hamar urte daramatza hondakinak tratatzeko araudia urratzen, eta David Campion Mankomunitateko presidenteak GARAri adierazi dionez, «hondakinak tratatzeko planta prest dagoenean material hori guztia tratatzen hasiko gara». Orain, aldiz, «35 kamioik biltzen dituzte egunero maskara, eskularru eta halako materialak, eta zuzenean zabortegira eramaten dituzte, bertan lurperatzeko».

Halere, berretsi du norberaren higienerako material oro (maskarak, latexezko eskularruak, etab.) gainerakoen frakzioan utzi behar dela eta, material sanitarioaren inguruko datu zehatzak falta diren arren, apirilean frakzio horren bilketa %6,79 murriztu zela iazko hilabete bereko datuekin alderatuta (6.387 tona, eta iaz 6.852). Izan ere, Campionek dio eskularru eta maskarek «gutxi okupatzen» dutela frakzio horretan.

Bestalde, gel hidroalkoholikoak edukiontzi horira bota behar dira eta, horrekin lotuta, Campionek dio ontzi bilketa %15,41 handitu dela. «Jendeak etxean bazkaldu duenez, lata gehiago erabili ditu». Lata eta botilatxo gehiago, beira bilketa %27,06 hazi baitzen itxialdian zehar.