29/06/2020

Reportaje
 
JAKISU: BARBAKOEN BIZIPENA, EDONON ETA ARRISKURIK GABE

Enpresa gipuzkoarrak sortutako plantxak barbakoa tradizionalak ordezka ditzake, abantaila ugari gehituta. Sua egitea debekatuta dagoen tokietan erabil daitezke eta prestaketa osasungarriagoa da.

Maitane ALDANONDO
0629_eko_jakisu1

Sute arriskua murrizteko, araudiak debekatu egiten du maiatzetik urrira su egitea aire zabaleko leku askotan; hain justu ere, barbakoetarako aproposen den garaian. Halakoen zalea da Jon Joseba Arrieta berastegiarra, eta horiei eutsi ahal izateko, Jakisu plantxak garatu, fabrikatu eta saltzen ditu, barbakoa tradizionalen ordezko iraunkorrak eta seguruak.

«Barbakoa bat egitera joan ginen familia osoa, lagunekin; uda zen eta prezintatuta zeuden. Handik gutxira kanpin batera joan ginen eta ezin zen surik egin aire zabalean... Araudi berriaren aurrean dagoen gabeziari erantzuteko sortu genuen, jendeari aukera emateko barbakoa edo piknika egiteko», gogoratu du Arrietak. Asmoa lehenagotik bazuen ere, 2016an hasi zen lehen pausoak ematen. Lean startup metodologia baliatuta, 3D irudi batzuk prestatu, eta testatze bat egin zuen zenbait kanpaleku zuzendariren nahiz erabiltzaileren iritzi eta beharrak ezagutzeko. «Inbertsio handia da. Oso sinplea dirudi, baina plakari egindako edozein mugimenduk beste hamar egitera behartzen zaitu», ohartarazi du arduradunak. Aurrez, janariaren inguruko beste arlo bati ekin zion, baina unea ez zen aproposa; hala ere, bizipen hark «asko irakatsi» ziola uste du.

Sustatzailearekin batera dihardu Jose Carlos Arroniz diseinatzaile grafikoak; kanpo irudia darama. Eurek garatu dituzte plantxak, eta, ahal duten heinean, osagaiak inguruko enpresetakoak dira, «%100 bertakoa da». Arrietaren etxeko garajean egin zituzten lehenak. Handienak han fabrikatzen badituzte ere, Tolosaldea Garatzen-eko Lehiberri zentroko tailerretara eraman dute jarduna. Azpiegiturez gain, erakundeak formakuntza ere eman die. Ildo beretik, Ekintzaile programaren dirulaguntza jaso zuten iaz, BIC Gipuzkoa eta Saiolan-en bitartez.

Produktua ez da bera, baina bizipena barbakoen ingurukoen antzekoa izan daiteke. «Erosoa da eta nork bere gustura egindako etxeko janaria aire zabalean gozatzeko aukera ematen du». Plantxa elektrikoa izanda, egur eta su beharrik ez du, eta, tradizionalekin alderatuta, zenbait abantaila ere baditu. Erdian, dekantagailu bati lotutako zulo bat du. Berotzean, plakak inbutu forma hartzen du horren inguruan, soberako olioa eta zikinkeria handik behera erortzeko. Hala, janaria frijitu gabe prestatzen da. Horrez gain, inbutuaren perimetroan ez dago iskinik, elikagaiak itsatsi eta mikrobioak sortzea saihestuz. Halaber, garbitzeko errazagoa da. Arduradunak azaldu duenez, tradizionalei izotza jartzen zaie bero daudela eta esponja batekin, aldiro, ura xurgatzen da; hauen kasuan, aldiz, ez da beharrezkoa: zulotik dekantagailura erortzen da. Bertan, bereizi egiten dira koipeak, hondakinak eta ura.

Segurtasuna gako

Edonon jar daitezke, baina sute arrisku handiko guneetarako pentsatuta daude. Horietara iristea dute lehen helburu. «Etorkizunean, ezingo da surik egin. Gureek ez dute arriskurik, osasuntsuagoak dira eta gutxi kutsatzen dute». Ezagutarazten dituzten neurrian, ahoz ahokoak salmentak handitzen laguntzea espero dute. «Erosleak gustura daude eta hori da balio duena», dio Arrietak. Bere hitzetan, «merkatuan ez da horrelakorik». Platera altzairu kirurgiko herdoilgaitzez eta bero eroalea den aleazio batekin egina da; hortaz, «beste plantxa batzuk baino eraginkorragoa da, azkarrago berotzen da. Besteek 5 minutu behar badituzte, gurearekin 3 nahikoa dira». Gainera, ez du sorbaldarik –soldadura txapa–; haren ordez, behealdera zanpatua dago, haize korronteetatik babestu eta tenperatura ez galtzeko.

Lau produktu ildo dituzte: kanpalekuak, profesionalak, urbano publikoak eta pribatuak. Arlo bakoitzerako moldaketak egiten dizkiote. Besteak beste, kanpinekoak ordainketa aukera du, «tenporizadore bat du eta 20 minutuero dirua sartu behar da»; urbano publikoak sakelako aplikazio baten bidez erreserba daitezke, eta profesionalak, berriz, autonomoak dira; alegia, gurpilak, ur biltegia, argindarra eta hozkailu txiki bat ditu, «mugitu eta bezeroen aurrean presta daiteke janaria ospakizun, catering edo luntxetan». Moldagarritasuna da, hain zuzen ere, Arrietak nabarmendutako ezaugarria; «bezeroaren behar eta eskaeretara egokitzen gara. Tamaina, hobekuntzak... moldatuta».

Kanpinak dituzte bezero nagusi eta horietan jarri dute indarra, bereziki, Estatu frantsesean, 10.000 kanpaleku baitaude. «Plus bat da beraientzat eta jendeak nahi du. Barbakoa gabeko kanpin bat lorerik gabeko lorategia bezalakoa da». Jada, Hendaian, Ibardinen, Donibane Lohizunen, Alpeetan eta Korsikan jarri dituzte; baita Estatu espainiarrean ere, Tarifan, Gironan eta Doñanan, kasu. Horrekin batera, jolas-parke edo gune publikoen ardura duten administrazioekin ere ari dira lanean. Gainera, Horeca kanalean eta urbanizazioetan aukera berri bana topatu dute.