EDITORIALA
EDITORIALA

Erregimen izateko borondatearen aurka

Parekotasunak onartzea zaila egiten da. Ze zerikusi izango du ba Nafarroan UPNk PSNren laguntzaz urte luzez ezarri zuen erregimen hark eta EAJk, PSEren laguntzaz bada ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan antolatu duen sistema politikoak? Pentsa, Nafarroan EAJ aldaketaren parte izan zen; Uxue Barkoxen Gobernuaren ardatz izan zen eta uneotan Maria Chiviteren Exekutiboaren parte garrantzitsua da. Desberdintasunak nabarmenak dira. Denen bistan daude eta ukaezinak dira. Antzekotasunak, ordea, ez dira hain nabarmenak, baina egon badaude.

Zalantzarik gabe, garai hauen eta erregimen haren arteko antzekotasun garrantzitsuena klientelismoa da. Lagunarteko sistema bat da, ustelkeriarekin halako zerikusia duen burokrazia eta onuren banaketarako sistema bat. Dagoeneko jokabide horren ondorioak ikusten ari dira, De Miguelen auzian eta antzekoetan, Kutxabanken… Dekadentzia izan daiteke beste lotura bat. Onenen gobernua izatetik, paktuen eta oreken araberako hala moduzkoen taldea izatera igaro dira. Ez dago Garaikoetxearen garaietara joateko beharrik, ondoren ere agintari oso onak egon baitira EAJn, diskrepantziatik baloratuta ere maila profesional oso altua izan duten politikariak, hain zuzen ere. Erregimen haren eta honen arteko beste parekotasun bat erregimen izateko borondatea da. Hori da bere indarra, baita bere ahuldade nagusietako bat ere.

Askoren ustez, sistema politikoak erregimen bihurtzeko gogoa berezkoa du. Bere naturaren parte da eta, zentzu horretan, politika egiten duenak derrigor nahiko du erregimen bihurtu. Politika boterea lortzeko borroka den heinean, ulergarria izan daiteke. Ez dago erregimen ederrik, ordea. Beldurgarriak izan daitezke, baina nekez dira maitagarriak. Ez dute herritarren eta komunitateen onena ateratzen, inondik inora. Euskal Herrian, gainera, nahiko lan dugu herri izaten jarraitzearekin. Erregimenek, ia beti, herria kaltetzen dute. Erortzen diren arte.