Haritz LARRAÑAGA
BIARRITZ

Maskara eramatea derrigorrezkoa da Biarritzeko erdialdean

Biarritzeko erdialdean atzotik nahitaezkoa da maskara erabiltzea eta litekeena da datozen egunetan beste zenbait herritan ere neurri bera ezartzea. Izan ere, auzapezen artean eztabaida piztu da jende pilaketak izaten diren lekuetan neurriak zorrozteko hartu beharreko erabakien inguruan. «Prebentzioan zentratuko gara eta eskuzabal jokatuko dugu hasieran, baina jendeak errespetatzen ez badu, isunak jartzen hasiko gara», eman zuen aditzera Maider Arosteguy Biarrizko auzapezak.

Ezarri dituzten neurrien artean azkena da kalean ere musukoa erabili beharra, eta baliteke beste auzapez batzuek ere neurri zorrotzagoak ezartzea.

Ipar Euskal Herrian eremu itxietan soilik da nahitaezkoa maskara erabiltzea, baina jende pilaketen ondorioz udalerri batzuek neurri bereziak hartu behar izan dituzte, eta udak aurrera egin ahala auzapezen ardura handitzen joan da. Joan den asteburuan, kostaldeko herrietan (Hendaia, Donibane Lohizune, Biarritz, Angelu) egiten diren merkatu irekietan saltzaile eta bezeroek maskara erabiltzeko agindua ezarri zuten, eta derrigorrezko ez den herrietan ere, herritarrak maskara erabiltzera gonbidatzen dituzten afixak ezarri zituzten.

Zeresana eman duen beste erabakia gaurtik aitzina ezarriko den hondartzen itxiera izan da. Gaueko 22.00etatik goizeko 6.00etara Biarritz eta Angeluko hondartzak ixteko ordenantza ezarri dute. Horrela, gauetan hondartzan egiten diren festak ekidin nahi dituzte, jende pilaketak oso ohikoak izan baitziren uztail amaieran Biarritzen eta inguruko hondartzetan.

Oro har, giroa lasaiagoa da Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako kaleetan, Euskal Herriko gainerako herrialdeetan baino, kalean maskara eramatea ez baita derrigorrezkoa. Horregatik, Biarrizko eremu horretan ezarri duten neurriak eztabaida sortu du auzapezen artean, guztiak ez baitira ados eremu irekietan maskararen erabilera behartzearekin.