Arnaitz GORRITI

Euskal Kopa eta zaleak Gasteizen geratu dira

Euskal saskibaloi zale gutxi batzuek Mendizorrotzako ateak irekita aurkitu zituzten atzo Euskal Koparen finalaz gozatzeko. Gasteizko TD Systems Baskonia izan zen garaile RETAbet Bilbao Basketi 87-77 nagusitu ostean, baina azken emaitzak dioena baino askoz gehiago sufritu zuten etxekoek, 20 minutu baino gehiagoz bilbotarrak markagailuan aurretik izan baitziren. Denboraldiko lehen titulu ofiziala zen atzokoa, eta jokalariek eta zaleek erakutsi zuten, derbiak aurrera egin ahala, adiskidantzazko partidatik ezer gutxi zuela Mendizorrotzakoak. Bilbao Basketek Rouselle, Jaylon Brown edo Balvin bezalako jokalarien lan bikaina eskertu zuen, baina, Rousellek bosgarren pertsonala egitean, okertu zitzaien finala bizkaitarrei, ordezko antolatzailerik gabe aritu behar izan baitzuten. Baskoniak, bestetik, eraso estatikoan asko sufritu zuen, eta defentsa oso oldarkorra eginez bilatu zuen garaipena. Giedraitis, Jekiri eta Peters iritsi berriek bikain jokatu bazuten ere, finaleko jokalari baliotsuenaren garaikurra Achile Polonararentzat izan zen, etxeko zaleen gozagarri.