A. G.

Oriok eta Donostiarrak buruz buru erabakiko dute

Emakumeen arraunean Orio eta Donostiarraren arteko lehia izan da nagusi aurten. Mirotzek irabazi dute gehienetan eta XIII. Emakumeen Kontxako Banderaren aurreneko igandean ere halaxe izan zen, baina harrokeriarik gabe.

Oriok latz sufritu zuen atzo bere branka sartzeko eta poparean egindako lan apartari esker atera zuen burua, nahiz eta Donostiarrarekiko 2,22 segundoko aldea baino ez zuen lortu. Datorren asteko ohorezko txandan Arraun Lagunak eta Tolosaldea ere izango dira, baina bandera irabazteko aukerarik ez dute, aurreneko txandako baldintzak petralagoak izan baitziren.

Itsasoa nahasi xamar goizean goiz, trapalla, zalerik eta kolorerik ez kaian, eskatutako moduan, eta haize apur bat mendebaldetik, traineruei palkak jarraraztea eragin zuena. Hain goiz arraun egitera ohitu gabe, ordutegi kontuak eta kale zozketaren buruko minak izan ziren nagusi; aurreneko kaleari alergia erabatekoa eta, aldiz, laugarren kalearen desiran mundu guztia.

Donostiarraren maila

Donostiarra, aurten Oriori irabazteko kapaz izan den bakarra, gogor hasi zen bigarren txandan. Oriori hiru segundo ere atera zizkion aurreneko minutu eta erdian, Natalia Tubioren patroitzari segika. Haizeak gorantz ere egin zuen, lehenengo txandako denborak hobetuz. Zumaiak ere txukun ekin zion, baina, lehenengo kalean arraun eginda, berehala tokatu zitzaion atzean geratzea, Hibaikarekin batera.

Etxeko traineruak ez zuen parte hartu behar izan sailkapen estropadan. Baino atzo goizean hortzak erakutsi zizkion Oriori aurreneko luzean zehar, baita ziabogara parean iritsi eta gero ere.

Poparean, aldiz, Nadeth Agirrek hartu zuen aurreneko olatua, “Txiki” estreinakoz lehen postuan jarriz. Donostiarrak ere hainbat olatu harrapatu zituen jarraian, baina Oriok sekulako poparea egin eta bi traineruko aldea ere atera zion Donostiarrari hiru minutu eskasean. Natalia Tubiok gidatutako neskek, hori bai, gogor jarraitu zuten lanean eta azken minutu eta erdian Orioren parez pare jarri ziren. Hori bai, helmuga ere bertan zen jada eta, 2,22 segundoko aldeaz bada ere, mirotzak nagusitu ziren azkenean. Bandera datorren domekan erabaki dadin.

Bestetik, Tolosaldeak aurreneko txandan Euskotren Ligan aritu diren taldeekiko inbidiarik ez duela erakutsi zuen, eta ia azkeneraino branka aurretik erakutsi zuen. Baina Arraun Lagunak nagusitu zen azkenean, popareko lantzadak baliatuta. Azkenean, biek lortu zuten ohorezko txandan lekua.