19/09/2020

Loraldia festibalak udazkeneko uzta batuko du, zuzenean zein digitalean

Martxoan, Loraldiaren seigarren edizioa abiatu orduko, biharamunean hain zuzen, festibala bertan behera geratu zen pandemiagatik. Sei hilabeteren buruan, eta lan eskerga egin ondoren, udaberriko jaialdia udazkeneko lore bihurtu da. Bilbon euskal kulturak duen plataforma handiak hiriko zortzi aretotan hamazazpi emanaldi proposatzen ditu. Berritzaileena, Mikel Urdangarinen, Pettiren eta Alos Quartet-en kontzertuetan egingo den «jauzi digitala».

A.E.|BILBO
0919_kul_loraldia

«Martxoaren 10ean Arriaga antzokian ‘Iparragirre’ estreinatu genuen, eta gero mundua gelditu zen –gogorarazi zuen atzo Imanol Agirrek, Loraldia festibaleko zuzendari artistikoak, online egindako prentsa agerraldian–. Baina kulturgintza, ez. Herrigintzaren arima da kultura eta ez da eten, ezin da gelditu, eta orain udazkeneko festibalak plaza hartuko du. Tamaina txikiagokoa, agian, baina izaeraz handia». Sei hilabete hauetan gauzak zeharo aldatu dira; esaterako, distantziak, edukieretan murrizketak eta kultura sektoreak bizi duen egoera negargarria. Horregatik, bertan behera gelditutako jaialdi baten itzulera lehen mailako albiste bihurtu beharko genuke.

Urtero loreekin batera jaiotzen den festibala Loraldia Udagoiena izenarekin itzuli da orain. Irailaren 26tik urriaren 22ra egingo da. Eta berritasun bat dakar, erabat pandemia garai honetakoa; egitarauan lotutako hiru kontzertu nagusien inguruko “esperientzia digitala”. Streaming bidez jarraitu ahal izango dira EITBren eta jaialdiaren web orrialdeen bidez.

Bizi dugun garaiarekin guztiz lotuta, atzoko aurkezpenak Internet izan zuen agertoki; webgunean eta Youtubeko kanalean, babesleek eta partaideek «ilusio handiz» josi duten egitarauaren berri eman zuten. Lehenik eta behin, une oro segurtasun neurriak errespetatuko direla argi utzi zuten. Hala, beraien helburu nagusia modu seguruan bete nahi dute: euskal sortzaileak eta sorkuntza nabarmentzea. Lehenengo hitzordu “handia” Pettiren azkenengo lan ederraren inguruan prestatu dute. Urriaren 4an izango da hitzordu hori, Guggenheim museoan. Kontzertuaren aurretik, “Kanta batek mundua eralda dezake?” galderari erantzunak aurkitzeko solasaldia egingo dute Harkaitz Canok, Pettik berak eta Ana Galarragak, Noam Chomskyren “Manipulazio mediatikoaren 10 estrategiak” abiapuntu hartuta. Ondoren, “Manipulazio estrategiak” ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Pentsamendua, poesia eta doinua batzen dituen egitasmoa aurkeztuko du Pettik.

Bigarren hitzordua urriaren 8rako finkatu dute. Alos Quartet laukoteak “Lau” izeneko diskoa kaleratu zuen iaz, eta horrekin batera taldearen 20. urteurrena ospatuko du Alondegian egingo den festan. Eta hirugarrena urriaren 18an izango da, “Gure herriaren soinu banda” lelopean, Mikel Urdangarinek solasaldia eta kontzertua (Euskalduna jauregian) eskainiko ditu, lehenengoa Ilaski Serranoren laguntzaz. Kantautorea lehenengoz pianoarekin bakarrik arituko da oholtzan.

Hamazazpi emanaldi

Esperientzia digitalak eskainiko dituen ikuskizunez gain, ohiko zuzeneko hamaika ekitaldi izango dituzte. Bost diziplina, askotariko formatuak eta mota ezberdinetako ekintzak izango dira. Udazkeneko edizioan antzerkiak, dantzak, musikak, literaturak, arteak eta bertsolaritzak izango dute tartea.

Poesian, esaterako, Miren Agur Meabe (urriaren 14an, Bidebarrieta liburutegian), Iñigo Astiz (irailaren 26an) eta Mikel Soto (urriaren 7a) arituko dira, azken biak Itsas Museoan. Dantza garaikidea ere izango da, Mizel Theretekin (urriaren 9an), baita bertso saioak ere; adibidez, Garbiñe Ubeda idazleak etorkizunari buruz idatzitako ‘Zaharkitze programatua’( urriaren 11n) izeneko testuaren gainean Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariek Guggenheim museoan egingo duten saioa. Testuaren irakurraldiari Don Inorrez taldeak jarriko dio soinu banda.