Iosu Alberdi Balzategi
Etzandarri Mendi Taldea
KOLABORAZIOA

Lemoizko zentrala, Panpako belarraren mintegia

Pandemien garai honetan, gure ekosistemetan eta gure paisaian izugarrizko kalteak eragiten ari den eta gero eta indartsuago dagoen izurrite bat ahaztu dugu: Panpako belarra edo Panpako lezka (Cortaderia selloana).

Atzean gelditu dira landare inbaditzaile honen hedapena saihesteko ahaleginak; orain inori ez zaiola inporta ematen du. Eskumenak dituzten administrazioek, foru aldundiek eta udaletxeek ezer gutxi edo ezer ere ez dute egiten eta oposizioko alderdi politikoak isilik daude, baita talde ekologistak ere.

Lemoizko Etzandarri Mendi Taldeak gure mendi eta naturaguneen egoera tamalgarri eta larriaz ohartarazi nahi du. Uda honetan, eguraldiak lagunduta, belar inbaditzaile hau asko hedatu da eta inoiz baino indartsuago ikusten dugu.

Lemoizko egoera behintzat benetan tamalgarria da eta horren errudun argi bat dago, Lemoizko zentral nuklearra eta bere inguruko kudeaketarik eza.

Lemoizko zentralaren inguruko naturagunea zoragarria da eta dagoeneko jendeak disfrutatzeko egokituta eta zabalik egon behar luke. Zoritxarrez, oraindik ez da horrela. Orain arte kudeaketa penagarria izan da eta orain kezkatzekoa den kudeaketarik ezaren aurrean gaude.

Anparrantxi puntako goi-lautada eta itsaslabarrak eta Urbieta urtegia eta bere ingurunea benetan baliagarriak dira, adibidez.

Bi eremu horiek berreskuratzea eta egokitzea oso erraza izango litzateke, esku hartze txiki batekin, baina tamalez gero eta okerrago daude.

Panpako belarrak, erabat kolonizatu du Anparrantxi puntako goi-lautada eta itsaslabarretatik beherantz hedatzen ari da kontrolik gabe eta Urbieta urtegiko ingurunean ere gero eta hedatuagoa dago.

Benetan arazo ekologiko larri baten aurrean gaude. Lemoizko zentraleko lurrak Panpako lezka mintegi erraldoi bihurtu dira, Lemoiz osora kontrol barik hedatzen ari dela. Baina adi! Ez bakarrik Lemoiz osora, Uribe Kosta osora, Bizkai osora eta Euskal Herria osora.

Panpako belarra oso moldakorra da eta gure kliman edozein ingurunetan haz daiteke. Horretaz gain, hazi asko ekoizten ditu: ale bakoitza milioi bat hazi ekoiztera irits daiteke bere bizitzan zehar eta, bestetik, landarea erre arren, berriro sortzen da. Hura hiltzeko, metodo mekaniko eta kimikoak uztartu behar dira eta horrek lan handia eskatzen du.

Argi dago arazo oso larri baten aurrean gaudela eta Euskal Herriko administrazioek serio hartu behar dutela berandu izan baino lehen, beranduegi gabiltzala jakinda.

Beraz, premiazkoa da lehenbailehen haren kontrako borrokan hastea. Kalifornian, Hawaiin, Zeelanda Berrian eta Australian, esate baterako, aspaldi dabiltza borroka horretan emaitza onekin.