GARA
BILBO

Haize boladek kalte ugari eragin dituzte Euskal Herri osoan

Alerta laranja ezarrita zegoen Euskal Herrian asteartetik asteazkenerako gauean zehar, hego haize indartsuaren ondorioz. Eta ongi bete ziren aurreikuspenak, haize ufada gogorrek kalte ugari utzi baitituzte bazter guztietan.

EAEn, 1.044 abisu baino gehiago jaso zituzten larrialdi zerbitzuek, gehien-gehienak eroritako zuhaitzen edo mugitutako edukiontzien ondorioz. Eroritako zuhaitz horietako batek auto istripu bat eragin zuen Mallabian, eta gidaria Mendaroko Ospitalera eraman behar izan zuten zauri arinekin.

Ipar Euskal Herrian, Euskal Irratiek jakinarazi zutenez, argindarrik gabe geratu ziren 12.500 etxebizitzatan. Saratik Zuberoara arte izan ziren argindar mozketak, besteak beste, Senperen, Azkainen, Ainhoan, Baigorrin, Aldudeko ibarrean eta Atharratzen.

Nafarroan ere gogor jo zuen haizeak. Larrialdi zerbitzuek 100 abisu baino gehiago jaso zituzten eta Iruñerrian kalte ugari sortu zituzten eroritako zuhaitzek. Aralarren 200 kilometroko ufadak egon ziren.