Haritz LARRAÑAGA

JENDE ANDANA BEHOBIAN KONFINAMENDUAREN ATARIAN

Udaberriko konfinamendua hasi aitzin izan ziren irudiak errepikatu dira Behobia inguruko saltokietan. Gaurtik aurrera Ipar Euskal Herrian indarrean izango den konfinamendurako azken erosketak egitera bertaratu diren ohiko bezeroei Lapurdiko kostaldean oporretan diren bisitariak gehitu zaizkie.

Udaberriko konfinamendua hasi aitzin, martxoaren 16an, izan ziren irudiak errepikatu ziren atzo Lapurdi eta Gipuzkoa bereizten dituen muga inguruan. Estatu frantsesean oporretan dira ikasleak, eta ondorioz Lapurdiko kostaldea bisitariz beteta da. Oporrak amaitu eta konfinamenduan sartu aitzin mugaren hegoaldean diren saltokietan azken erosketak egiteko baliatu dute azken eguna turista askok, baina baita ohiko bezeroek ere.

Goizeko 8.15ean, oraindik Behobiako Saiza eremuan dagoen tabako dendak ateak itxita zituen, baina jada hogeita bost laguneko jende ilara zegoen atean denda irekitzeko zain. Beraz, udaberriko konfinamendua hasi aitzin izan ziren irudien antz handia zuen atzoko argazkiak. Goizeko 11.30ean, ostera, hirurogei pertsonako ilara zegoen Behobiako Venta saltokiaren atarian. Batzuek ordu eta erdi zeramaten itxaroten eta bezeroen artean «tentsioa eta haserrea» nabari zela adierazi zion NAIZi herritar batek.

Gauzak horrela, hilabete batez etxean sartuta egon beharko duten herritarrek hornikuntza lanak aurrez egin nahi izan zituzten. Gainera, horietako asko beldur ziren Estatu espainolak eta frantsesak muga ixteko erabakia hartuko ote duten eta, ondorioz, ahal duten bitartean beharrezko erosketak egiteko baliatu zuen herritar askok atzoko eguna.

Hain zuzen ere, udaberriko konfinamendua hasi aitzin muga inguruan hartu ziren irudiekin alderatuta, atzo Poliziaren presentzia apalagoa izan zen. Autobideko ordainlekuan bi noranzkoetan ziren kontrolak salbu, Behobia inguruan ez zen beste kontrolik, baina Estatu frantsesean gauerditik aurrera indarrean izango den konfinamenduarekin batera, Polizia frantsesaren presentzia ere ugaritu egin liteke.