GARA
IRUÑEA

Aurrekontuen gaineko akordioa lortu dute nafar Gobernuak eta EH Bilduk

«Covid-19aren pandemiaren ondorioei aurre egiteko ituna» sinatu zuten atzo bi aldeek eta akordioaren jarraipen batzordea osatuko dute. Aurrekontuak abenduaren 23an onartzea da Chiviteren asmoa.

Nafarroako Gobernuak lehenik, eta EH Bilduk ondoren, 2021eko Aurrekontu Orokorren Lege Proiektua onartzeko hitzarmen bat sinatu dutela iragarri zuten atzo. Koalizio subiranistak Maria Chiviteren aurrekontuak onartzeko erabiliko duen formula abstentzioa izango da. Gainera, beste talde batzuek aurkeztuko dituzten osoko zuzenketen kontra bozkatuko du.

«Covid-19aren pandemiaren ondorioei aurre egiteak dakartzan erronkei erantzuteko konpromisoa» hartu zuten sinatzaileek. Izan ere, «ikuspegi zabalarekin» jokatzea «inoiz baino premiazkoagoa» dela nabarmendu zuten, eta krisiari aurre egiteko hainbat neurri aurkeztu zituzten. Hala, konpromisoa hartu zuten, besteak beste, zerbitzu publikoak indartzeko eta osasunerako, hezkuntzarako, eskubide sozialetarako, kulturarako eta enplegu politiketarako baliabideak handitzeko.

Akordioa iragartzeko EH Bildu egindako prentsaurrekoan, Adolfo Araiz eta Bakartxo Ruiz bozeramaileek zergen inguruko desadostasunak onartu zituzten. Hala ere, itunak politika fiskala birpentsatzeko konpromisoa jasotzen du, egungo krisi sanitario, sozial eta ekonomikoa gainditzen denean, justizia sozialerantz eta baliabide propioak sortzeko urratsak egiteko. Gainera, itunak 1,93 milioi euro aurreikusten ditu EH Bilduk aurkeztutako zuzenketak jasotzen dituzten partidetarako.

Horrela, akordioak daukan «balio politikoa» azpimarratu zuen EH Bilduk. Izan ere, Navarra Sumak ez du «ikuspegi aurrerakoi batetik lor zitekeen ituna saihestea lortu» eta, horrek, EH Bilduren ustez, «bi eredu» daudela erakusten du.

Geroa Baik akordioa «betorik gabeko elkarrizketaren» emaitza dela adierazi eta Nafarroari egonkortasuna emango diola azpimarratu zuen. Alderdiaren iritziz, Navarra Sumaren estrategiak «porrot egin du», ezegonkortasun politikoaren alde egin duelako.

Akordioaren kontra mintzatu zen bakarra Navarra Sumaren idazkari nagusia izan zen. Javier Esparzak «Nafarroa euskal independentismoari saltzea» egotzi zion Chiviteri eta «nafarren etorkizuna Bilduren estrategiari lotzea».

Nafar Gobernuak eta EH Bilduk sinatutako itunaren jarraipen batzorde bat osatuko dute. Hiru hilean behin bilduko dira, akordioaren ezartzea egiaztatu eta zenbateraino bete den ebaluatzeko.