Ane URKIRI ANSOLA
Donostia
ZURE NAGUSIA «APP» BAT DENEAN

PLATAFORMA DIGITALEN LAN MOLDE OKERREI BIDEA IXTEN

«Rider»-en eta enpresen arteko harremana laborala dela ebatzi du Estatu espainoleko Auzitegi Gorenak. Autonomo faltsuen kontua ez da berria. Plataforma digitalen trikimailuei erantzuna eman eta erregulatu egin behar direla diote sindikatu eta adituek.

Langile autonomotik daukagun gauza bakarra izena da; autonomoa izateak dakartzan zailtasun guztiak ditugu, baina errealitatean ez gara autonomoak. Ez dugu onartzen egoera hibrido hau». FO-CAP VTC sindikatu frantsesaren sorreran bozeramaile batek esandako esaldia da hori, jada hiru urte pasatxo (2017ko irailean). Alokairuzko auto txoferdunak eta taxiak merkatuan uztartzeko dekretu bat onartu zuen Lakuako Gobernuak iaz, bi sektoreekin hitz egin ostean, baina erregulazio hori baztertu zuten Uber eta Cabify bezalako enpresek.

Plataforma digitalak dira horiek, kontsumitzaileari zerbitzu bat kontratatzeko bitartekariak jartzen dizkiotenak. Hala saltzen dute beraien negozioa, baina «esplotazio hutsa da, prekaritatea, esklabotza», esan du irmo ELA sindikatuko Mari Kruz Elkorok. Autonomo faltsuen fenomenoa ez da berria, azpikontratazioa berria ez den moduan.

Pauline Barraud de Lagerie eta Luc Singalo Santos ikertzaileen arabera, zalantzarik gabe sweatshops delakoen itzulera gertatu da; lan-baldintza oso eskasak, sozialki onartezinak edo legez kanpokoak dituzten lantokien itzulera, alegia. Hain zuzen, plataforma digitalak betetzen du gaur egun XIX. mendean patroiarekin lan egiten zuen bitarteko langile horren eginkizuna, zeinak lana banatzen zuen gainerako langileen artean edo lantegien artean. Garai hartan, langilea aldi berean enpresaburua izan zitekeen, kontratista prezio finkoan −eta horrela patroiarekin piezaren prezioa negoziatu zezakeen− edota tailerreko burua edo bitartekaria, lana langile-talde bati banatzen ziona (era berean, lan hori birbanatu zezaketen azpikontratazio-kate luze bat osatuz) eta lanaldi (zerbitzu-errentamendu kontratua, lan-kontratuaren aurrekoa) edo pieza bakoitzeko ordaintzen ziena.

Kate horretako kate-mailetan erabiltzen ziren langileek jarraibideak bete behar zituzten eta beren lanak zehatz-mehatz egin behar zituzten. Plataformen bitartez lan egiten duten pertsonek azken horien antza dute, eta ez hainbeste langile enpresaburuena. Izan ere, prezioa ez dute negoziatzen inola ere; plataformak/bitartekariak esplotatu egiten ditu. Plataformetan prozesu berdin-berdina ikusten da: komisioa handitzean, haien bidez egindako trukeekin geratzen dira, eta, horrek eragin du Uber-en gidarien eta Deliveroo-ren bizikleta bidezko banatzaileen protesta; Sarah Abdelnour irakasle eta Sophie Bernard katedradunak azaltzen dute hori “Les nouveaux travailleurs des applis” liburuan (“Plataforma digitaletako langile berriak”). Paris-Dauphine Unibertsitateko irakasleak duela urte batzuk hasi ziren susmatzen teknologiaren bizkortasunak lan ereduetan izan zitzakeen eraginak.

Komisioen zenbatekoa murriztea eta orduko tarifa handitzea izan da hauen aldarrikapen nagusia. Estatu frantsesean Deliverook, esaterako, orduko 7,50 ordaintzen zuen 2016an, bidalketa bakoitzeko 2 eta 4 euro artean jasoz, baina ordutik 5 euro ordaintzen dute ibilbide bakoitzeko (Parisen 5,75 euro).

Lanaren Nazioarteko Erakundeak 75 herrialdetan plataforma digitalen bitartez lan egiten zuten 3.500 pertsona elkarrizketatuta ondorioztatu zuen orduko 3 eta 4 dolar artean irabazten zutela. Genero-arrakala ere igar daiteke Interneten: Etsy-n beraien produktuak saltzen dituztenen %88 emakumeak badira ere, gizonen negozio bolumena 150 eurokoa da eta emakumeena, 84 eurokoa.

 

«Uberizazioa geratzeko dator»

Teknologia indarrez sartzen da gurean, gure egunerokoan, gure aisialdian eta lanean. Lan egiteko moduak kasik egun batetik bestera aldatzeko gai da eta askotan kalteak baino onura gehiago ikusten dizkiogu irrupzio horri, «lana errazten/azkartzen» duen aitzakiapean.

«Uberizazioa geratzeko dator», dio LAB sindikatuko Mikel Alvarezek ere. Elkoro eta Alvarez bat datoz aplikazioen bitarteko lana ez dela soilik ematen etxerako banatzaileen kasuan, mila modu daudela. Eta horixe bera nabarmentzen du Katakrak-ek gazteleraz editatutako saiakerak (“Cuando tu jefe es una app”), zeinean Estatu frantseseko egoera islatzen duten zenbait egilek.

«Egin dirua zure denbora librean ere!, «bihurtu zure pasioa zure ogibide!». Halako mezuak ere ekarri ditu teknologiak, dirua egitea erraza den itxura eman nahian. «Aplikazioen kapitalismoa» adierazpidea sortu dute adituek, lan molde berri honek ekarri duen ekonomia berriari izena emate aldera. Norbanakoaren gain jartzen da dirua egiteko ardura, enpresak haren kontura are diru gehiago egiten duen bitartean −baina hau, noski, ez du inoiz aipatzen enpresa digitalak−. «‘Ekonomia kolaboratiboa’ esaten diote beraiek, baina funtsean autoesplotazioa da; ez daukazu ordutegirik, ez daukazu denbora librerik, eta edozein momentutan abisa diezazukete zerbeza bat norabait eraman dezazun», argitu du Elkorok. 

Soldatapeko enplegua gutxiesteko diskurtsoari aspaldi ekin zitzaiola dio Laureano Martinezek, Nafarroako Unibertsitateko doktore eta giza- eta lan-politikan adituak: «Errutinazkoa, errepikakorra, autonomiarik gabea eta berrikuntzaren eta aldaketaren aldekoa ez dena dela esanez deslegitimatzen saiatu dira». Ekintzaileen diskurtso idealak, aldiz, autonomia, independentzia, arrakasta sozial eta profesionala, errealizazio pertsonala, aberastasuna sortzea eta «zure ametsak betetzeko» aukera ematen duela sinetsarazi nahi duela ohartarazten du Martinezek “Mi jefe es una App” liburuan idatzitako hitzaurrean. 

«Diskurtso horrek egoera afektibo eta emozionalei lotutako gaitasunak mugiarazten ditu, hala nola autokonfiantza, ilusioa eta grina, subjetuari, bere barnera begiraraziz, bere baitan sortzen duen energia-iturri agortezina dela sinetsaraziz. Erakargarritasunaren bidez jarduten duen diskurtsoa da, askatasunaren ideal bat eskaintzen saiatzen dena, Glovo-ren web orrialdean ikus dezakegunaren tankerakoa: “Gure zerbitzuaren malgutasunak askatasun handiagoa izateko eta zure aisialdian diru-sarrerak sortzeko aukera ematen dizu”».

Meritokraziaren diskurtsoa eta proaktibo izatearen onurak nabarmentzen dituztela azpimarratu dio GARAri Martinezek, arestian aipatutako adierazpenei tiraka: «Modu batean da ‘triste zaudelako ez zaude lanean’ esatea bezala; esan nahi dute, saiatuz gero, pozik egonez gero, bizitzan nahi duzuna lor dezakezula eta, horrenbestez, lana izango duzula».

Beste modu batean esanda, une oro lanerako prest egonez gero arrakastatsuago izango zaren diskurtsoa ere saltzen dute, denbora librean dirua egiten ez bazabiltza denbora galtzen ari zarela sinetsarazten. Kasu honetan, Nafarroako Unibertsitateko irakasleak hitz joko berezia ekarri zuen. «Zer da ba negozioa, ez bada aisialdia ukatzea (negar el ocio, gazteleraz)? Aisiaren eta lanaldiaren arteko mugak ezabatu dituzte plataforma digitalen lan moldeek».

 

Auzitegi Gorenaren ebazpena

Glovo, Deliveroo, Uber Eats eta halako plataformek −guztiak janaria etxera eramaten duten enpresak dira− urtean 72 milioi euro aurrezten dute Gizarte Segurantzan, enpresa hauetan lanean dauden langileak langile moduan ez hartzeagatik, gehienbat. Konfinamendu garaian ikusgarri egin da arazoa, gizarteak are gehiago erabili dituelako janaria etxean jasotzeko zerbitzuak, baina horien funtzionamendu susmagarriak aspaldi piztu zuen Sarah Abdelnour eta Dominique Meda-ren arreta. 

Irailaren bukaeran, berriz, Estatu espainoleko Auzitegi Gorenak ebatzi zuen banatzaile hauek soldatapeko langileak direla eta ez autonomoak, Glovon lan egin zuen behargin baten salaketaren ondotik –Madrilgo auzitegiaren erabakiari helegitea jarriz– sektorean doktrina ezarrita.

Mikel Alvarezentzat «garaipena» da hau, orain arte auzitegiek ebazpen kontrajarriak eman baitituzte eta, azkenean, «lan-harremana dagoela» aitortu delako: «Soldatapeko langile izateak ematen dizu segurtasun puntu bat, enpresak derrigorrezko dituen elementu batzuk bermatu behar dituelako. Garaipenik handiena da langileei segurtasun neurri batzuk bermatzen zaizkiela eta ez bakarrik langile horiei, baizik eta horrela atea ixten dela autonomo faltsu kontsideratzeko beste langile batzuk». 

Elkorok ere begi onez ikusi du Auzitegi Gorenaren ebazpena baina, hala ere, ez da fio plataforma digital horiez, normalean legea baino azkarrago ibiltzen direla iritzita, «beste formula batzuk bilatuko dituztelako». Era berean, zalantza du Pedro Sanchezen Gobernua sindikatu eta sektoreko patronalarekin negoziatzen ari den lege aldaketa eraginkorra izan ote daitekeen: «Legedia bat egotekotan, Auzitegi Gorenaren ebazpena blindatzeko izan behar da, ez atzerapausoa emateko».

Laureano Martinezen ustez ere erabat positiboa da Gorenak plazaratutako ebazpena, baina ziur da enpresek zirrikituak bilatzen jarraituko dutela langilearekiko harremana «laborala» ez dela frogatzeko; «eta behar adina baliabide dituzte horretarako; beraz, nire ustez, beharrezkoa da lan-harreman gisa erregulatuko duen formula bat, bestela enplegutasunaren atzetik korrika ibiltzearen moduko lasterketa bat izango da».

Zenbakiei begiratuz, LABeko kideari ezinezkoa zaio zehazki esatea zenbat rider dauden Hego Euskal Herrian baina, azken ikerketen arabera, 2017an 700 bat zeuden. Horien profila zehaztea ere zail egiten zaio, hasiera batean ikasleak baitziren, baina orain lana galdutako eta diru-sarrerak behar dituen jende heldua ere badago.

 

Sindikatuetako lanketak

«Izan daiteke sindikatuetan denak astakirtenak izatea, baina ordaindutako oporraldiak borroka sindikaletatik datoz, hitzarmen kolektibo guztiak... Sindikatuetako astakirtenek lortu dute hori guztia». Langile frantses batek dio hori Katakrakek editatutako liburuan, sindikatuenganako atxikimenduaz galdetzean.

Gurean, LABek, Eragin gazte mugimenduarekin elkarlanean, 2-3 urteko lanketa bat egin du bizikleta banatzaileen inguruan eta, Alvarezen ustez, atxikimendu ona lortu dute; «sail bat ere sortu dugu; antolatu egin dira gure baitan eta gurekin». Riders x Derechos estatu mailako sindikatuarekin lanean aritu dira eta Iruñean zein Bilbon zenbait salaketa jarri dituzte; batzuek aldeko ebazpena eta beste batzuek kontrakoa jaso dute. Urtarrilean daukate beste epaiketa bat Bilbon eta, Auzitegi Gorenak doktrina ezarri duenez, baikor agertzen da.

ELAren ikuspegitik garrantzitsua izango da edozein esparrutan «mugak jartzea autonomo faltsuak egon ez daitezen» eta horretan dabiltzala ziurtatu du Mari Kruz Elkoro kideak. Lan-harremana dagoela onartuta, uste du errazagoa izango dela sektoreko langileak antolatzea eta eskubideak erdiestea.