Jon ORMAZABAL
Entrevista
JOKIN ALTUNA
ASPEKO PILOTARIA

«Eriken aurka jokatzea oso polita da, baina oso arraroa ere bai»

Amezketarrarentzat finalak jokatzea ia ohitura bihurtu da jada: azken lau urteotan bat behintzat jokatu du urtero eta igandekoa bere ibilbideko seigarrena izango du. Hori bai, oraingoa denetan berezi eta arraroena izango da, covid 19ak sortutako eragozpen guztiengatik eta, bereziki, bere arerioa horren laguna eta gertukoa duen Erik Jaka izango delako, bere ibilbide osoan alboan izan duen kidea.

Soilik 24 urte ditu Jokin Altunak, baina jada beterano bat bezala aritzen da, kantxan eta kantxatik kanpo. Jokoan bezala, zirku honen guztiaren erdian ere zentzua jartzen du amezketarrak.

Sentsazioa dut txapel hau aspalditik daukazula bekain artean sartuta, hala da?

Beste txapelketetan ere bai, baina nola konfinamenduan eta denbora asko egon ginen etxean, eta pentsatzen genuen hurrena jokatuko genuen txapelketa banakakoa izango zela, ba bueno, saiatu naiz ahal zen ondoena egiten eta konfinamenduan lan asko egin genuen. Egia esan, une batzuetan agobiatu ere bai, izan ere, etxean zaudenean eta pilotan jokatzen noiz hasiko zaren ez dakizunean, benetan ez dakizu zertarako balio duen lan horrek guztiak, baina ordu horiek fruituak eman dituzte eta konfinamenduaz geroztik sasoiz eta nahiko ondo aurkitu naiz eta gustura nabil.

Irabazteko aukera oso serioa ikusten zenuen?

Ez dakit, ez beste urteetan baino gehiago. Iaz adibidez Irribarriaren aurka galdu egin nuen, baina partida horrek balio izan zidan ikusteko banaka ere maila altuan ibil naitekeela, 2018koa kasualitatea ez zela ikusteko. Hurrengo urteetan ere nahi izaten duzu hor goian egotea eta behintzat hori lortu dut, banaka ere segida bat izatea eta alde horretatik gustura nago.

Sekula baino freskoago zaude?

Egia esan, ondo, gustura aurkitzen naiz, pilota eskutik ondo ateratzen zait. Espero aste honetan ere hala irtetea. Egia esan, dena beharko dut, baino behintzat aurreko partidetan eta eskuinarekin pilota ondo atera zait eta uste dut igandean irabazi nahi badut mina egin behako diodala piloteoan, bestela Erik aurrean oso arriskutsu dago, tantoak bi paretaz, dejadaz, gantxoz... azkar bukatzen ari da eta min egin beharko diot.

Peñaren aurka denak txunditu zenituen, baina niri ia Darioren aurka egin zenuen partida gehiago gustatu zitzaidan, beste Jokin bat ere badela ikusi genuen, arerioa atzean zigortzen duena...

Ulertzen dut zer esan nahi duzun. Azkenean Peñaren aurkako partida hartan 15 edo 17 tanto egiten dituzu eta ematen du sekulako erakustaldia egin duzula, baina testuingurua ere ikusi behar da. Berak ez zuen bere eguna izan, lesio batetik zetorren eta hasieratik alde handia hartu nuen. Askoz erosoago jokatzen duzu horrela. Igandeko partida askoz zailagoa izan zen, psikologikoki eta fisikoki ere esfortzu handikoa. Partidan zehar era batera jokatzen hasi nintzen eta ez nuen asmatu, pilotari eman beharra neukan eta bigaren zatian batez ere pilotari eman egin niolako irabazi nuen, bestela bera aurrean iritsi egiten zitzaidan jokaldietara, azkar egiten zidan tantoa eta partida oso arriskutsua atera nuen aurrera.

Urte zail eta berezia aurtengoa.

Bai, zaila eta arraroa. Binakakotik kanpora geratu nintzenean konfinamendua etorri zen eta aurrena pixka bat bajoia. Ez genekien gero zer egongo zen, luze joan zen eta hasi ginenean ere pixka bat kosta egin zitzaidan forma hartzea. Eta gero, etorri den guztia... Egia esan, gorabehera handiak egon dira pilota munduan eta espero berriro ez gertatzea halakorik. Jendearen onerako, ea hemendik aurrera birus honekin aurrera egitea badaukagun, txertoek eta funtzionatzen duten eta guk kirolean, baina jendeak bere lanean, eta bereziki osasunez, aurrea egitea daukagun denok eta egoera honi buelta ematen zaion.

Hilabete nahasi horietan protagonismo handia izan zenuen. Horrelako izar bat horren inplikatuta ez dugu askotan ikusi...

Azkenean kanpotik gauzak nola bizi izan diren ez dakit. Bai egurra dezentekoa ere eman zigutela momentu batzuetan, baina nik une horietan ez nuen hartu papera prentsan ateratzeko; komunikatu bat atera genuen baina ez nuen sekula sentitu nire burua aldarrikatu beharra, nik barruan sentitzen nuena egin nuen. Ni gaur egun bai sentitzen naiz pertsona garrantzitsu bat pilotan eta bai sentitzen nuen beharra egoera honi buelta ematen laguntzeko. Saiatu naiz, nire partetik jarri dut, beste askok beren partetik jarri duten bezalaxe. Mahaian eserita eta hitz eginez gauzak hobeto eta beste bide batetik doazela ematen du orain. Greban egon den jende guztia ere, nik uste lasaiago dagoela orain, behintzat eskatzen zituzten gauza asko lortuta, eta alde horretatik gustura.

Baina komunikatuarena eta elkartearena azken aurreko kapituluak izan ziren. Zuk aurretik ere egin zenituen puntako pilotari baten aldetik ohikoak ez ziren gauzak, Masterseko aurkezpeneko adierazpenak esaterako...

Ez dut bestelako asmorik izan batere, ez dut bigarren asmo batekin ezer egin. Masterseko aurkezpenean, jende askok gaizki interpretatu zituen nire adierazpenak, baina ikusten nuen barruan gauzak ez zihoazela ondo eta nonbaitetik lehertu egingo zela dena, eta halaxe izan zen. Pilotariek barrutik ikusten genuen pixkanaka-pixkanaka egoera gero eta larriagoa zela, baina jendeak Baikoko pilotariek prentsaurrekoa eman zuten arte ez zuen uste egoera horren larria zenik. Jendea benetan konturatu zen gauza larria zela pilotari batzuk ez berritzen hasi zirenean. Baina nire ustez arazoak aurreragotik zetozen, ikusi egiten zen, eta esandakoa, bukaeran bai nik eta bai Josebak [Ezkurdia] ikusi genuen zerbait egin beharra zegoela, horrela ezin zela segi. Ikusten zen egoera benetan blokeatuta zegoela eta saiatu ginen horretantxe, arazoa konpontzeko gure aletxoa jartzen. Egia esan, hasieran greban zeudenekin ez genuen zuzen jokatu, ez genielako jakinarazi zer egin nahi genuen. Eta eurek hortik aurrera gauzak aurrena gaizki ulertu zituzten, baina, gero, eurekin elkartu eta esplikatu genienean, beraiek ere ondo ikusi zuten. Eurek egin duten borroka horrek guztiak pena merezi izan du azkenean gauzak aldatzeko eta alde horretatik gustura.

Eta finala ere ezohikoa, publikorik gabe eta Erik Jakaren aurka...

Dudarik gabe, oso-oso berezia. Erikekin ordu piloa sartu ditut eta erlazio oso ona daukagu. Oso polita, baina, era berean, oso arraroa ere bai, azkenean astero pilo bat hitz egiten dugu elkarrekin, arerioen inguruan aritzen gara, zer egin… Elkarri laguntzen saiatzen gara eta partida eta gero kristoren zoriona izaten dugu besteak irabazten badu. Aste honetan bietako bat seguru triste geratuko dela, ez da erraza izango biak gustura geratzea. Hurrengo astetik aurrera berriz ere lagunak izango gara, baina aste honetan tope borrokatu beharko da.

Aste honetan, Whatsappa mutu?

Oso zaila da egoera, egunero egoten gara, egunero hitz egiten dugu eta, azkenean, astean zehar bi aldiz elkarrekin egiten dugu fisikoa. Hortaz aparte erlazio oso ona daukagu eta, esandakoa, ostegunean aukeraketan egongo gara eta igandera arte ez dugu elkarrekin hitz egingo. Arraroa, baina nahiko genuke orain gertatu den hau gehiagotan gertatzea eta saiatuko gara.

Aukeraketatik aurrera zer moduz dagoen ez diot galdetuko, zer sentsazio dituen, nahiago dut eta onak ez baditu. Errealitatea hori da, eta berak ere ni berotzera irteten naizenean nahiago izango du ni lotuta ikustea edo nik sentsazio onak ez izatea, hori horrela da. Orain arte ez zaigu gertatu, baina igandean hala gertatuko da. Azkenen errealitatea ikusi egin behar da eta onartu. Niri igandean inporta zaidana da berak eguna disfrutatzea, nik ere bai, baina gogo handia dut partida on bat egiteko. Ea txapela ateratzen dudan.

Gainontzean, publikorik gabe, oso desberdina da aurtengo finalaren aurreko astea, ezta?

Zaratarik ez dago, alde horretatik lasaiago, sarrerarekin eta askotan lotura izaten baita. Denek eskatzen dituzte sarrerak eta hemendik aurrera beste final batera heltzen naizenean, jendeak joan behar badu, igual lagunen bati esan beharko diot sarrerena egiteko, ze batzuetan pixka bat agobiatu egiten zara.

Irabazten duenak pena izango du jendearekin ezingo duelako elkartu, baina gogorragoa izango da galtzen duenarentzat. Nik galdu izan dudanetan behintzat, momentua tristea da, baina familiarekin eta lagunekin afaltzen duzu eta buelta ematen diozu. Baina egoera honetan galtzen duenak ez du ezer izango eta gogorra izango da.

Elkar kontsolatu beharko...

Hori da, astelehenetik edo asteartetik aurrera elkarrekin jarraitu beharko dugu eta hurrengo astetik aurrera berriro lagunak izan beharko dugu.