Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Azaroak 25

Indarkeria Sexistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, aurtengoan ere, bortizkeriarik gabeko bizitzak aldarrikatu behar izan dira. Feminismoak inoiz baino indar handiagoa badu ere, ezin da zalantzan jarri indarkeriak emakumeon bizitza baldintzatzen jarraitzen duela. Aurten, gainera, bizitzen ari garen ezohiko egoerak, eta bereziki konfinamenduak, areagotu eta gehitu egin ditu indarkeria horien eragina. Nola ahaztu, esaterako, erasotzailearekin modu etengabean bizi behar izan duten emakume eta seme-alaba horiek guztiak.

Iaz borroka feministaren arreta justizia sisteman kokatu zen, globaltzat jo dezakegun inpaktuarekin. Une horretara arte arau-aldaketa zehatzetan eragiten zen gehienbat, justizia feminista edo justizia ez androzentrikoa eskatzetik etorri zen aldaketa, hau da, justizia sistema bere errotik eraldatzea erreklamatzetik. Aurtengoan, ordea, indarkeria matxistaren aurkako politika publiko sendoetan jarri da fokua. Gaiak ezberdinak baldin badira ere, argi dago lotura estua dutela, batak ezin baitu bestea gabe funtzionatu. Indarkeria sexistaren aurka modu eraginkorrean aurrera egin nahi baldin bada, ezin diogu soilik justizia sistemari begiratu, are gutxiago orain arte egituratua izan den bezala izanda. Erantzunak integrala behar du izan.

Egiturazko errealitate horri hainbat tokitatik heltzea funtsezkoa da. Oso konplexua den arazo baten aurrean gaude, hortaz, erantzunak ere askotarikoak izan behar dira. Edonola ere, gogoratu behar dugu ez gaudela arazo indibidual baten aurrean, patriarkatuaren adierazpen baten aurrean baizik. Hori dela eta, giza eskubideen ikuspegia hartzea ezinbestekoa da, non indarkeriaren prebentzioak eta biktimen arretak eta erreparazioak leku nagusia hartuko duten; neurri zigortzaileei erabateko lehentasuna aitortu ordez. Horretarako, nola ez, aipaturiko politika publiko sendoak oinarrizkoak dira. Eta horien garapenean ezin dugu ahaztu diskriminazio intersekzionalak dakarren zaurgarritasunaren areagotzea eta indarkeria sexista ez direla mugatzen bikotekidearen edo bikotekide ohiaren esparrura.