Iñaki Uria
Euskaldunon Egunkariaren Kontseilari Ordezkaria
KOLABORAZIOA

Eskerrak

Esateko asko daukagu!» zioen sortu aurretik. «Gaur irekiko ditu ateak» esanez jaio zen eta «Itxia, baina ez isildua» esanez jarraitu zuen itxi zutenean. Euskaldunon Egunkaria, Eguneron eta Berrian gorpuztuta. Zeresana eman zuen sortu aurretik, sortzerakoan… eta zentsuratzean. 30 urte beteko zituen gaur.

Egunkariaren sorrera puntu eta apartekoa izan zen. Disruptiboa gaur esango litzatekeen moduan. Paradigma aldatzen zuen. Ez zen gehigarri bat erdarazko komunikabide batean. Ez zen euskarazko osagarri bat erdal medio batean.

Osoa zen Egunkaria. Xumea, txikia… baina osoa. Munduari gure begiz begiratzeko tresna genuen. Euskaldunok euskaldunei aktualitatearen pultsua euskaraz emateko aukera eskaintzen zigun. Euskaldunon artean komunikatzeko oinarria. Aurretik zeuden telebista eta irratiei euskara finkatuko ziena. Ahozkoa idatzira ekarri zuen eta idatzizkoak finkatu zuen ahozkoa.

Euskal herritarrei euskarazko bihotza erakutsiko zien medio bihurtu zen. Euskal Herritik kanpokoei Euskal Herria bazela erakutsiko zien kazeta. Euskal Herria, Estatuak, Mundua. Hori zen Egunkariak ezarri zuen begiratua eta munduaren ikuskera.

Ez dakit jabe ginen orduan, egiten ari ginenaren eraginaz. Parte batean bai seguruen, ez ordea bere osoan. Euskal Herria hezurmamitzen zen egunero tintaz inprimatutako paperezko hezurdura haren inguruan. Euskaldunon nazioaren hezurdura bihurtu zen Egunkaria. Ez zen zerbait teorikoa. Ez zen unibertsitateko katedradun edota alderdi politikoren bateko ideologoren baten txosten mardul bat naziogintzaz. Praktikan ari ginen. Hizkuntza eta Nazioa egunero gosaltzen genituen Egunkariarekin.

Eskerrak egin genuen!

Irakurle, kazetari, iragarle… Ez omen zeuden. Eta ez zeuden tokian sortu ziren. Baziren eta Egunkariarekin ugarituz joan ziren egunen gurpilean. Ugarituz eta hobetuz egiten ari ginen eguneroko hura.

Askotan pentsatu izan dut urrats hura eman gabe nolakoa zatekeen gaurkoa. Ezin jakin.

Auskalo.

Ikasgairen bat atera behar bada hartatik, hauxe aterako nuke: Egunkaria sortzen izandako erabakimenak bere fruitua eman zuela. Argiako taldearen erabakia izan zen. Alde batekoa. Nonbaitetik sortu behar zen.

Berehala jarriko zuten ezbaian. Adostasunak bilatu genituen erakundeekin eta ez zituzten nahi izan. Baina garrantzitsuena: erabakimena izan genuen eta egin egin zen. Eta jaio zen. Koskortu zen eta gai izan zen hil ondoren berpizteko eta berriro ere jarraitzeko.

Eskerrak egin genuen!

Horregatik, guztiagatik, eskerrak eman nahi dizkiet Sortze hartan parte hartu zuten guztiei. Guzti guztiei. Denei. Guzti guztiei, horretarako inor aipatu gabe utzi behar badut ere gaurko honetan. Aita asko eta handiak izan zituen Egunkariak. Eskerrak merezi dituzte guztiek. Hazia bota zutenak eta gordean geratu zirenak.

Hala ere, aitatasuna baino amatasuna eskertuko nuke. Pertsonaz pertsona eta herriz herri ezagutu genituen haiek guztiak. Lana bihotzez eta aberri truk egin zuten herrikide izendun anonimo haiek guztiak. Eskerrak guztioi. Zuek zineten ama. Lur hori gabe ez zen hazirik ernalduko. Eskerrik asko. Esker mila. Esker anitz!

Eskerrak guzioi.

Herritarrok herritarren zerbitzura egin genuen Egunkaria. Euskara, Nazioa, Aniztasuna, Independentzia… ez ziren hitz hutsak guretzat. Herritarrak herritarren zerbitzura. Hori zen nahi genuen Egunkaria eta ez agintarien zerbitzura egongo zen beste komunikabide bat.

Eskerrak egin genuen!