Agustin Agote
Tolosaldea Sahararekin elkartea
KOLABORAZIOA

Saharako gatazka eta Tolosako Udala

Azaroko Tolosako Udalaren plenoan, Mendebaldeko Saharak eta Marokok daramaten gatazkak tartea izan zuen. Azaroaren 13an Marokok bere armada bidali zuen, Gergeraten Marokok egindako pasabide ilegalaren gunea blokeatzen ari ziren saharar zibilen aurka, 1991ko su etena apurtuz. Ekintza honek Fronte Polisarioak bere zibilen alde egitea behartu zuen eta geroztik ekintza belikoak gertatzen ari dira bi aldeen artean.

Mendebaldeko Sahararen aldeko euskal mugimenduaren eta Polisarioaren artean sinatutako idatzi bat oinarritzat hartuta, udaleko EAJk eta EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuten plenoan, eskakizun desberdinak eginez; tartean, saharar herriak autodeterminaziorako duen eskubidea, Minursok bete behar lituzkeen giza eskubideen zaintza eta segurtasuna, Marokoren okupazio eta su etenaren kondena eta Espainiar Gobernuari betebeharrak betetzeko eskaera.

Gure elkartearen izenean, aipatutako bi taldeen aldeko botoa eskertu nahi nuke, baita horien izenean bozeramaile aritu ziren Olatz Peon eta Xabi Martinezen hitzak ere; bati, gure elkarteak eta Tolosako ikastetxeak egiten ditugun ekintzak baloratzeagatik, eta besteari, Desmond Tuturen hitzak ekartzeagatik: «Bidegabekeria baten aurrean neutral agertzea zapaltzailearen alde egitea da». Baina plenoan ere izan ziren hodei beltzak, Jose Mari Villanuevak (PSOE) sorturikoak. Abstentziorako arrazoiak azaltzeko hitzak triste eta gogorrak izan ziren: «Gergerateko pasabidea asfaltatutako errepide bat besterik ez da». Bada, ez, askoz gehiago da. Pasabide hori ilegala da, eta bertatik eremu okupatuetako lehengaien komertzio ilegala ahalbidetzen da, baita droga bezalako substantzien trafikoa ere. «Marokorekin negoziatzeko behar handia dugu». Ezin dut sinetsi nola jar zenitzakeen zure gobernuaren migrazio edo negozio akordioak saharar herria pairatzen ari den okupazio eta ustiaketa ilegal, giza eskubide falta, genozidio eta 1991n martxan jarri behar zen autodeterminazio bozketaren gainetik. «Nondik atera duzue Espainia dela de iure potentzia administratiboa? Hori ez da zuzena». Noski dela de iure potentzia administratiboa; horrela diote Nazio Batuek, Espainiako Auzitegi Nazionalak, baita zure ministro Marlascak ere (2014ko Zigor Arloko Salan, 40. Autoan).

Mozioaren %90ekin ados zinela baina puntu batzuk kendu eta beste bi jarriko zenituzkeela esanez bukatu zenuen. Minursorekin lotutakoa, bere agindua luzatuz, nahiz eta erakunde honek jarrera pasiboa erakutsi eta giza eskubideen eskumen falta izan. Espainiako Gobernuari eginikoa, kanpalekuetarako giza laguntza handitzea eskatuz, gai honekin duzun enpatia modu tamalgarrian erakutsiz, eta saharar herritar asko eremu okupatzailean bizi direla (nahita) ahaztuz, zure taldearen lagun den Marokoko Erresumaren pean beraien biziak ezer balio ez duelarik.

Honekin lotuta ere esan nahi dizut kanpalekuetan bizi diren sahararrek ez dutela zuen akordio komertzial ilegalen bidez beraien itsaso eremuan espainiar itsasontziek jasotako eta espainiar enpresetara bidalitako arraina latetan jaso nahi, baizik eta beraiek beren txalupa eta kanaberekin beren itsas eremuko arraina jan.

Horrela izan dadila eta lehenbailehen.