Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Aitorren hizkuntz zaharra

Kantuz agurtu dute Aitor Etxarte Berezibar Iruñeko hilerriko kanpoaldean eta nik biolin baten melodia irudikatu dut. Hildakoak zenbatzera ohitu garen honetan, bakar baten galerak uzten duen hutsuneaz jabetu gara. Eta ezer ez dela berdin izango ere konturatu gara.

Egunotan, Aitorrek Hegoalde ikastolan egindako bideo bat partekatu da sare sozialetan. Bere hitzetan, ikasleek eskola uztean, irakasleen bizitzaren zati bat ere bazioan. Halako zerbait gertatu da bera joaterakoan ere. Nik ez nuen Aitor pertsonalki ezagutu, baina ez du zertan horrela izan kate luze baten aingura galdu dugula sentitzeko. Soilik biolin baten melodiak neur dezake berak utzitako hutsunea. Senide nuen Andoni Salinasek martxoan utzitakoaren antzekoa. Pandemia honetan joandako bi erreferente, astintzen gaituen samin kolektiboaren adibide.

Aitor agurtu duten egunean, “Libre” kantatzen duen abeslari baten bi kontzertuk bete dute Baluarte. Aitorrek utzitako Iruñean, Berri Txarrak taldearen dokumental batek zabalduko du izen handiko ikus-entzunezko ziklo bat. Berak utzitako hirian, bada literatur zaleontzat ezinbestekoa den Katakrak liburu denda eta argitaletxea ere. Aitorrek sortutako Iruñean, sozialismoaz, ekologiaz, feminismoaz, komunismoaz, gentrifikazioaz aritzen diren liburuak plazaratzen dira, euskaraz. Aitorren hizkuntz zaharrean. Esker anitz denagatik, lagun.