Istripuaren urteurren apur bat alaiagoa

Atzo izan zela dirudi, baina bihar zazpi urte beteko dira jada Michael Schumacher handiak Meribel eski estazioan (Alpe frantsesak) eskiatzen ari zela istripu larria izan zuenetik. Bere osasun egoerari buruz ez da egon berritasunik azken denbora luzean –familiak hala nahi izan duelako–, baina zazpigarren urteurrena apur bat alaixeagoa izango da, Michaelen 21 urteko semea, Mick, 1 Formulan debuta egiteko prestaketan buru-belarri dabilelako. Egutegian aldaketarik ez badago, debut hori Australiako Sari Nagusian iritsiko da, Melbournen, datorren martxoaren 21ean Haas talde estatubatuarrarekin.

«Ulertzen dut, ez nau mintzen ez beragatik galdetzeak ez berarekin konparatzeak», aitortu zuen berriki Mick semeak “Bild” egunkarian etengabe aitari buruz egiten dizkioten aipamenez galdetuta. «Bakoitzak bere bidea aurkitu beharra dauka, baina niretzat nire aita handiena izango da beti. Zergatik urrundu beharko nuke berarengandik?», galdetu zuen elkarrizketa berean.

«Michaelek Micken ibilbidea gertutik jarraitzen du», esan zuen Jean Todt Ferrariko arduradun ohiak alemanari bere etxean egindako bisita baten ostean. Argi dago aitaren lorpenak –zazpi aldiz munduko txapeldun– berdintzea kostako zaiola semeari, are gehiago 1 Formulan azken urteotan taldeen artean sortzen ari den lubakia kontuan izanda, baina bere bidea egiteko prest agertu da oinordekoa.