GARA
MADRIL
KARTZELA POLITIKA

Gehitutako kartzelaldian larriki gaixotutako Troitiño askatuko dute

Ustekaberik ezean, espetxean 30 urte baino gehiago eman ondoren kalera aterako da Antton Troitiño, baldintzapean aske, eritasun oso larria eta sendaezina duelako. Gehitu zioten bigarren kartzelaldi honetan gaixotu da. Auzitegi Nazional espainolak hirugarren gradua onartu dio. Madrilgo Estremera espetxean egon da orain arte.

gara-2021-01-12-Noticia

Etxeratek baieztatu zuenez, Antton Troitiño preso donostiarra aske uzteko erabakia hartu du Auzitegi Nazional espainoleko Zaintza Epaitegiak. Gaixotasun larria eta sendaezina duelako agindu du kaleratzea Jose Luis Castro epaileak.

Astelehenean plazaratutako auto batean, Troitiñoren osasun egoera dela eta, Auzitegi Nazionalak 104.4 artikulua (hirugarren gradua) aplikatu eta baldintzapeko askatasuna eman dio. Autoak dioenez, Troitiñok «oso gaixotasun larri eta sendaezina du, eta neurri aringarrien bidez baino ezin da tratatu, eta, beraz, espetxean egoteak horiek zaildu ditzake».

Antza, oraindik bada Fiskaltzak horren kontra helegiterik aurkezteko eperik, baina egoeraren larritasuna ikusita ez da halakorik espero.

Etxeratek «besarkada handi bat» bidali zien Troitiñori eta haren familiari eta bere laguntza eskaini zien egoera zail honetan.

Azaldu zuenez, Troitiño ez dago gaixotasun larriak dituzten 17 presoen zerrendan. Donostiako presoaren egoeraren jatorria espetxean jasandako muturreko baldintzak eta euskal presoek jasaten dituzten zigor luzeak direla salatu zuen, eta larriki gaixo dauden presoak berehala aske utz ditzatela aldarrikatu zuen.

2011n amaitua zuen zigorra

30 urte baino gehiago eman ditu preso Antton Troitiñok. Bere aurkako jazarpena ez zen amaitu kondena bukatutakoan. 2011. urtean gertatu zen hau, Huelvan, espetxean 24 urte baino gehiago beteta, baina hurrengo egunetan zenbait hedabide espainoletan eskandalu gisa aurkeztu zuten erabakia, Intxaurrondoko etxera kazetariak bidaltzera iritsiz, eta ondorioz Euskal Herritik joatea erabaki zuen. Horrela gogoratzen zuten gertatutakoa Marrubi Troitiño alabak eta Mattin Troitiño ilobak, GARAri emandako elkarrizketa batean. Hortik gutxira berriro kartzelatzeko agindua eman zuen espainiar auzitegi bereziak. Ehiza moduko bat abiatu zen hor eta azkenean Londresen atxilotu zuten Troitiño, bai eta inputazio berria osatu ere: «Berriro ETA erakundean sartu izana». Jakina da ordurako (2012ko ekainean) ETAk borroka armatua behin betiko utzia zuela. Hala ere, erakundearen zerbitzura jarri izana egotzi zion Auzitegi Nazionalak, eta estradizio prozesu luze bat abiatu, zeinean donostiarra batzuetan aske eta beste batzuetan preso egon zen. Belmarsh segurtasun handiko espetxean izan zuten. 2017an britainiar auzitegiek ontzat eman zuten Espainiaratzea eta geroztik Estatu espainoleko kartzeletan egon da berriz Troitiño.

Ia sei urteko zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, berez inolako ekintzarik ez zuela egin onartuta baina berriro «ETAren zerbitzura» egotea leporatuz. Madrilgo Estremera espetxean egon da orain arte. Urrian, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak Soriako espetxera eramango zutela iragarri zuen. Kartzelan eman dituen denbora tarte guztiak bilduta, 30 urte baino gehiago dira. Luzeena, 1987tik (‘Madril komando’ko kidea zela leporatuta atxilotu zuten) 2011ra artekoa.