Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Transfugismoaz

Garai batean, Humphrey Bogart bezala, ez nintzen sekula batere alkoholik edan ez duen jendeaz fidatzen, gaztetxotan behintzat «arauak hautsi» nahi ez izatea apurtxo bat susmagarria zelakoan; egun, ergelkeria hutsa deritzot horri, mila arrazoi egon baitaitezke ez edateko. Garai batean bezala orain ere, oso gutxi fio naiz animaliei mespretxuz begiratzen dieten pertsonez, haien eskubideak aipatu eta begirada zerura altxatzen duten edo diskurtso ironikoa darien horiez; psikopatiaz harago, ez zait arrazoirik bururatzen ezein izakirenganako gutxieneko enpatiarik ez sentitzeko. Lehen, orain eta beti, mesfidantza eragingo didate bizitza osoa beren eskubideen eta tokiaren alde borrokatu eta gero, behin gutxi gorabehera erdietsita, lorpen horiek ondoren datozenei ukatzen hasten diren pertsonak; ehunka argudio zabalduko dituzte, teoria mamitsu askoak, egungo errealitate eta sentsibilitateetara begirako pentsamendu-ildo sakonak, nahi beste, baina nik gauza bakarra ikusten dut horren guztiaren atzean: eskuraturiko pribilegioak (indibidual nahiz kolektiboak) galtzeko beldurra eta, ondorioz, haien subjektu aktiboak nor diren ahalik eta gehiena mugatzeko, blindatzeko, jomuga.

Feminismoaren barruan, feminismoen-feministen historiari, istorioei eta bilakaerei erreparatuta, sobera ezagun dugu horretan hasteak zer dakarren, ezinbestean: bereizketa, bazterketa, eztabaida ez-konstruktiboa, oinaze eta neke psikologiko ikaragarriak, nolabaiteko estatusak finkaturik borrokaren muina ahaztea: pertsonak eta bizitzak askotarikoak dira, ezin diferenteagoak, baina borroka bera da; eta, azken buruan, justiziazko berera heltzeko esku hartzen ari garen guztiok elkarrez fidatzeari uztea, sareetan konfiantza galtzea.

Zer gertatzen ari da feministon artean, trans pertsonen berdintasun oso eta benetakoa bermatu nahi duen legea dela eta? Zein unetan hasi gara berriro sexua eta generoa, generoa eta sexua nahasten ez ezik, berezko ezaugarri biologikoak («naturalak»!) gizon eta andreon berdintasunerako borrokaren oinarrian aldarrikatzen ere? Zur eta lur nago ikusiz zer-nolako korronteak ari diren sortzen eta zabaltzen honen inguruan, beren terminologia eta guzti, «emakumeon ezabatzea», nagusiki, esan nahi baita «benetako emakumeona», pribilegio zenbait izan baditugunona, hain zuzen.

Ezin naiz fidatu, eta ez naiz fidatuko, «Emakume sortu egiten zara, ez bilakatzen» defendatzen duen ezein feministarekin, batez ere Gobernuan baldin badago eta «Zatitu, garaipena zeurea izango da eta» emakumeon alde jarraitu beharreko estrategia iruditzen bazaio.