GARA
ZIKLISMOA

Igoera mitikoak, amets olinpikoa eta «sterrato»-a 2021eko Giroan

Italiako Giroak 104. edizioaren ibilbidea aurkeztu zuen atzo. Lasterketa maiatzaren 8an hasiko da Turinen 9 kilometroko erlojupeko batekin eta maiatzaren 30ean bukatu Milanen 29,4 kilometroko beste erlojupeko batekin.

Guztira 3.450,4 kilometro izango ditu ibilbideak. Gainera, maglia arrosak 90 urte beteko ditu; 1931tik janzten du sailkapen nagusiko liderrak.

Aurtengo edizioak igoera mitikoak izango ditu; hala nola, 1.730 metroko altuera duen Zoncolan (maiatzaren 22an) edota Passo Pordoi (24an), edizio honetako gailurrik altuena (2.239 metro). Azken etapa horretan, gainera, Cortinatik pasako dira, 2026an neguko Olinpiar Jokoen egoitza izango den hiria. Mendiko etapa nagusia, aldiz, Abbiate Grasson hasi eta Alpe di Meran amaituko da, eta 3.700 metroko desnibel metatuta izango du.

2021eko Giroak 35 kilometro sterrato ere izango ditu –lehen atseden eguna ostean–, Strade Bianche probako asfaltatu gabeko errepide zatiak hain zuzen. Informazio gehiago NAIZen aurki daiteke.