EDITORIALA

Pandemiak haur txiroen garapena urratu du

Save The Children-en txostenek gogorarazten digute euskal oasian ere familia pobreetako haurrak badirela eta haur horiek gaizki bizi direla. Oraingoan, pandemia garaian baliabide urriak dituzten familiekin zer gertatu den aztertu dute. Emaitzak “Covid-19aren urteurrena: zer diote familiek?” txostenean bildu dituzte. Elkarteak artatzen dituen familia zaurgarriei egindako elkarrizketetako datuak jasotzen dira bertan. Familia horietako askok azken urtean enplegua galdu dutela ematen du aditzera. Diru-sarreren galeraren ondorioz, arazoak dituzte etxebizitza eta oinarrizko zerbitzuak ordaintzeko, baita haurrei kantitatez eta kalitatez baleko elikadura emateko ere. Maiz, familia horiek aukeratu beharra dute: edo berogailua piztu, edo hotza pasatu seme-alabak elikatu ahal izateko. Gure gizarte aberatsean oraindik hainbat familia halako trantzean bizitzea onartezina da.

Familiek bizi dituzten egoera larri horiek haurren garapenean eragin itzela izan dute. Oro har, gazteen egoera emozionalak okerrera egin du. Horren ondorioz, besteak beste, ikasteko motibazioa nabarmen galdu dute. Gainera, ia haurren erdiek ez dute aparteko hezkuntza-arretarik jaso ikasturtean zehar. Hortaz, pandemia garaiak ez du balio izan familia zaurgarrietako haurrek ikasketetan eta formazioan aurrera egiteko. Era berean, ikasketetan galdutakoa ez da probetxuzko aisialdian irabazi. Haurrak gero eta gutxiago ateratzen dira kalera, kanpo jardueretan ere parte hartzea gutxitu egin da eta gehienek ez dute etxean ariketa fisikorik egiten. Pandemiari aurre egiteko hartutako hainbat erabakik –berdeguneak eta parkeak ixteak, adibidez– areagotu egin dute covid-aren eragin negatiboa.

Bai fisikoki bai psikologikoki pandemiak asko kaltetu du familia pobretuetako haurren garapena. Horien eskubideak ziurtatzeko, pobreziaren aurka egitasmo ausartagoak abiatu behar lituzke administrazioak, eta arreta berezia jarri behar luke salbuespen egoerek –pandemia kasu– pobretuengan duten eraginean. Euskal gizarteak bere burua garatutzat jo nahi badu, behinik behin.